Gaitza da

Berria, Amagoia Iban, 11-01-2008

Ez da kolonia ofizialak ziren garaietako kontua. Ezta independentzia urteetakoa ere. Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialde txirotuetako medikuen eta erizainen exodoa inoiz baino latzagoa gertatzen ari da azken urteotan. Datuak ezin argigarriagoak dira: Mozambikeko medikuen %75 atzerrian daude; Angolakoen %70 ere bai; eta Ghanakoen %56, Kenyakoen %51 eta Ruandakoen %43.

90eko hamarkadan gerra zibila ezagutu duten Angolak, Ginea Bissauk, Kongok, Liberiak, Mozambikek, Ruandak eta Sierra Leonak, eta hamarretik lau mediku galdu zituzten 2000. urterako. Mozambikek eta Angolak, adibidez, atzerriko herrialde bakarrean etxean bertan baino mediku gehiago dauzkate. Eta Liberian lan egiten duen mediku liberiar bakoitzeko, bi atzerrian ari dira lanean.

Washingtongo Garapen Globalerako Zentroko ikerketa batek eman ditu datuok, AEBetako, Australiako, Belgikako, Erresuma Batuko, Espainiako, Frantziako, Hegoafrikako eta Kanadako osasun sistemak aztertuta.

Ez da medikua izan behar diagnosia egin ahal izateko: baliabide naturalak indarrez kentzearekin, biztanleak gerrara, gosera eta gaixotasunera behartzearekin nahikoa ez, eta burua altxaraziko dioten mediku, erizain eta gainerako profesionalen falta inposatu diogu Afrikari. Eta gaitza da hori ezkutatzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)