Prostituzioa ez kontsumitzeko gizartea kontzientziatzea eskatu du Emakundek

Berria, , 10-01-2008

Atzo aurkeztu zuten azterketaren ondorioetatik zenbait proposamen egin zizkien Emakundek administrazio publikoei. Hala, gizartean prostituzioak daukan «irudi ona» murrizten joateko kontzientziazio kanpaina egitea proposatu zuen Moiuak. «Urteetan gizartean dagoelako, prostituzioak gizartean daukan irudia ez da txarra», agertu zuen. Kontzientziazio horren bitartez, prostituzioaren kontsumoa murriztea lortu nahi dute.

Emakundek egindako bigarren proposamenak prostituten giza eskubideak hobetzearekin zerikusia dute. «Prostituzioa hor dago, eta erakundeek ezin diote horri bizkarra eman. Prostituzioa hor dagoen bitartean giza eskubideak bermatuta egotea lortu behar dugu», adierazi du.

Emandako bi proposamenekin, agerian geratzen da Emakunde ez dela prostituzioaren inguruan dagoen eztabaida nagusian sartu: abolizioarena edo sektorea legeztatzearena. «Eztabaida horretan sartzeak ez du merezi, bai jarrera batek eta bai besteak ez diolako mesederik egiten prostituten egoerari. Gure helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea da».

Eusko Legebiltzarrak eskatuta egin zuen Emakundek orain bost urte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako prostituzioaren egoeraren lehen azterketa. Azterketaren datuak eta ondorioak begiratu ostean, administrazio publikoei nola jokatu behar duten erabakitzen laguntzea bilatzen du azterketak, Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak azaldu zuenez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)