Prostituzioa eskaintzen duten etxeen kopurua %60 hazi da bost urtean

1.820 emakume aritzen dira prostituzioan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Emakundek egindako azterketak dionez

Berria, asier iturriagaetxebarria Bilbo, 10-01-2008

Prostituzioa gero eta gehiago egiten da etxe pribatuetan, eta kaleko jarduera nabarmen jaitsi da azken urteotan. Hori da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako prostituzioaren egoeraren inguruan Emakundek egin duen azterketaren ondorio nagusia. Oro har, 1.820 emakume aritzen dira prostituzioan, orain dela bost urte baino %2 gehiago. Era berean, prostituta gehienak atzerritarrak dira. Datu zehatza lortzea zaila egin zaie, Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak azaldu zuenez, baina atzerritarrak izango dira %85-90 inguru.

2002. urtean prostituzioaren egoeraren inguruko lehen azterketa egin zuen Emakundek Eusko Legebiltzarrak eskatuta. Orduz geroztik zenbait aldaketa izan dira sektorean, aurten egindako azterketatik ondorioztatu dutenez. Hala, gaur egun 211 pisutan prostituzio jarduerak egiten dituzte. Orain dela bost urteko kopuruekin alderatuz gero, %60 hazi da prostituzio jarduerak egiten diren etxeen kopurua.

Moiuak azaldu zuenez, etxeetan prostituzio zerbitzuak eskaintzeak diskrezioa eskaintzen die bezeroei, eta horregatik pisuen ugaltzea. Era berean, pisuen hazkunde horrek fenomeno berria ekarri duela agertu zuen: gero eta gehiago dira pisuak autokudeatzen dituzten emakumeen kopurua, hau da, nagusi edo madam-aren figura desagertzen ari da.

Prostituzio zerbitzuak eskaintzen dituzten etxeen kopuru berean ez da hazi bertan batzen diren emakumeen kopurua. Pisuak %60 inguru hazi dira, baina bertan dihardutenen emakume kopurua %41 hazi da. Klubei dagokienez, orain bost urte baino gutxiago daude orain (%24 gutxiago), baina bertan lan egiten duten emakume kopurua mantendu egin da. «Gero eta makroklub gehiago daude hiri kanpoaldeetan, eta horregatik ez da emakume kopurua murriztu».

Kaleko prostituzioari dagokionez, nabarmen txikitu da jarduera horretan ari diren emakume kopurua; orain bost urte baino %68 gutxiago dira. Hain zuzen, kaleko prostituzioa jarduera «arriskutsuena» dela uste dute prostitutek berek. Bilbon, Gasteizen eta Galdakaon (Bizkaia) bakarrik ikusten da kaleko prostituzioa.

SEKTORE «HETEROGENEOA». Moiuak esan zuenez, ez da erraza izan prostituzioaren inguruko datuak biltzea. Prostitutekin lanean diharduten elkarteekin, prostitutekin berekin eta polizia estamentuekin hitz egin dute azterketa prestatzeko. Era berean, egunkariak eta Internet erabili dituzte prostituta kopurua zenbatzeko.

Prostituzioaren soslaia egiterako orduan, sektore «heterogeneoa» dela esan zuen Moiuak. Nolabaiteko sailkapen bat egin zuen Emakundeko zuzendariak. Alde batetik, Sahara azpiko emakumeen taldea dago, nigeriarrak gehienak, oso gazteak (18 urte ingurukoak) dira, eta kalean egiten dute lan. Latinoamerikan jatorria duten emakumeek osatzen dute bigarren taldea; klubetan eta etxeetan egiten dute lan, eta brasildarrak dira gehienak. 18 eta 35 urte artekoak dira. Europa ekialdeko emakumeen taldera iristea ezinezkoa egin zaie Emakundekoei. Gehienak errumaniarrak izaten dira, eta oso gazteak, 18 urte ingurukoak. «Mugitzeko arazo handiak izaten dituzte, beren proxenetek oso zorrotz zaintzen dituztelako». Euskal Herriko eta Espainiako emakumeek osatzen dute laugarren taldea. Gazteak eta helduak izaten dira, eta klubetan eta etxeetan egiten dute lan.

Prostituten tipologia definitzerako orduan, trabesti eta transexualen kopurua azken urteetan nabarmen hazi dela ohartu dira Emakundekoak. Lehen, klubetan eskaini ohi zituzten zerbitzuak, baina azken urteetan asko hazi da emakumeak eta trabesti eta transexualak dauden pisu kopurua. Prostituzioan aritzen diren %5 inguru trabestiak eta transexualak direla dio Emakundek.

Kezkatzeko moduko ondorio bat ere atera du Emakundek, prostitutekin elkarrizketak egin ondoren: gero eta gehiago dira babes gabeko sexua egitea eskatzen duten bezeroak. Eta prostitutek eman egiten dituzte, batez ere frantsesa egitean. Ondoko lankideak bezeroak kentzen dizkiela ohartuta, besteak eskaintzen ez duena ematen die bezeroei prostitutak.

PreserBaTIBorIK GaBe

Bezeroen eskaera. Emakundeko azterketaren arabera, gero eta gehiago dira sexua preserbatibo gabe egitea eskatzeen duten bezeroak. Eta prostitutek zerbitzu hori eskaintzen dute, bezero gabe ez geratzeko.

700

Prostituzioa Nafarroan. 700 bat emakume aritzen dira prostituzioan Nafarroan, Abiatze elkarteak egindako azterketaren arabera. Gehienak etorkinak dira, eta paperik gabe bizi dira herrialde horretan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)