GaurKo FILmaK

Immigrazioari buruzko drama

Berria, , 04-01-2008

URTZI URKIZU

Carlos Iglesias aktore espainiarra telebistan egin zen ezagun, Manos a la obra umorezko telesailean eta Pepe Navarroren gaueko programa batean. Baina zineman lan egin izan duenean serioago jartzen jakin izan du. Iaz zuzendari lanetan egin zuen debuta Un franco, 14 pesetas drama txiki baina txukun honekin. Ez da sekulako lana, baina immigrazioaren inguruko begirada zintzo eta interesgarria ematen du Iglesiasek filmean.

1960. urtean girotzen da istorioa. Industriaren sektorea berregituratzen ari da Espainian, eta langile asko kaleratu egingo dituzte. Horietako bat Martin da, Pilar emaztea eta 5 urteko Pablo semea mantendu izan dituenak orain arte. Marcos lagunaren bultzadarekin, Martinek Suitzara emigratzea erabakiko du. Emaztea eta semea handik urtebetera joango dira Suitzara Martinekin bildu eta bizitza berri bat hastera. Pablo txikiak aldaketa asko izango ditu epe laburrean: aita etxetik joaten ikustea, bera ere herrialdez aldatzea, inguru ezberdin batean haztea… Baina Suitzan bizitza berri eta nahiko zoriontsua izango dute.

Zenbait unetan lana gozoegia bilaka daiteke, baina orokorrean nahiko ondo eramana dago eta erraz ikusten da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)