LeIHaTILa

Legeek eragindako biktimak

Berria, cristina berlanga, 22-12-2007

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna zela eta, bateko eta besteko administrazioek datu ikaragarriak aurkeztu zituzten, milaka emakumeren errealitate ezin gordinagoaren adierazgarri. Hedabideek datu bat nabarmendu zuten batik bat: emakume atzerritarrek jarritako salaketek gora egin dutela. Hegoaldean, guztira, 4.708 salaketa jaso dira, eta horietatik %30 emakume atzerritarrek jarri dituzte. Datu hori are esanguratsuagoa da, kontuan izanik biztanleen %5 baino ez direla atzerritarrak. Salaketen gorakada, zenbaitzuetan, bertakoen eta kanpokoen arteko kultura desberdintasunei egotziz zuritu nahi izan dute. Epailetzako ordezkari emakumezko batek esan du, esate baterako, emakume horien jatorrizko kulturetan oso atzeratuta daudela oinarrizko eskubideei dagokienez. Halako azterketa eurozentristei bakarrik bagagozkie, ordea, areagotu besterik ez dugu egingo indarkeria matxista berberaren menpe dauden emakumeen arteko aldea eta distantzia.

Egia da emakume atzerritar asko babesgabeago egon daitezkeela familia sarerik ez dutelako, hizkuntza behar bezala ez dakitelako edo ez dakitelako zein baliabide dituzten eskura; baina ezin ukatuzkoa da, halaber, atzerritarrei buruzko legeen eraginez, babesgabetasun erabatekoan daudela emakume horiek. Indarkeria matxistaren inguruko edozein azterketak, atzerritarrei buruzko legeak kontuan hartu ezean, ezin du arazoa oso-osorik jorratu, eta proposaturiko neurriek ezin izango diete erantzun egokirik eman indarkeriaren biktima diren hainbat eta hainbat emakumeri. Hala egiaztatu du Amnesty Internationalek ere egin berri duen azken txostenean; hizkuntzak ezarritako mugak eta Atzerritarren Legeak eragindako egoera administratiboa aipatzen ditu, besteak beste, genero indarkeriaren biktima diren emakume etorkin askoren ibilbideko oztopo nagusi gisa, eta hori aintzakotzat hartzea baldintza ezinbestekotzat jotzen du babes alorrean eta erakundeen aldetiko erantzunean emaitza eta alde nabarmenak egon daitezen.

Atzerritarren Legeak bi emakume talderi erasaten die bereziki: emakume berrelkartuei eta arautu gabeko egoeran daudenei. Emakume berrelkartuei egoitza baimena ematen diete, berrelkartu direnarekin bizitzeko baldintzapean, baina ez diete lanerako eskubidea aitortzen. Tratu txarrak ematen dizkien gizonari lotzen ditu legeak berak, zuzenbideari eta ekonomiari dagokienez, eta hark ezarritako aldian. Arautu gabeko egoeran dauden emakumeek, berriz, kanporatuko dituzten beldurrak eraginda, argi eta garbi, sarri askotan ez dute salatzen erasoak jasaten dituztela. Eta, hain zuzen ere, salaketa egin izana edo babesa jaso izana ezarri ohi dira ezinbesteko baldintza gisa, larrialdietako zentroetara edo etxebizitza babestuetara joan ahal izateko. Horrez gainera, arautu gabeko egoeran dauden emakumeek ezin dute jaso diru laguntzarik babes osoa emateko Neurrien Legeak genero indarkeriari aurre egitearren ezarritakorik, ez dutelako betetzen halakoak eskatzeko nahitaezko baldintza: egoitza baimena izatea. Estatuko zuzenbide egitura horren eraginez, bada, oinarrizko eskubideak murrizten dituen lege arrazista bat gailentzen zaio Estatuak duen lehenbiziko betebeharrari, alegia, pertsona ororen eskubideak zaintzeko eta haiei bizirik eta osorik iraunaraztea bermatzeko duen betekizunari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)