ArGI aLdIan
Arraza
Berria, , 19-12-2007itziar alkorta
Zuzenbide Zibileko irakaslea EHUn
James Watson DNAren helize bikoitz moduko egitura deskubritu zuen zientzialari ezagunari egundoko ezustekoa eman berri dio bere genomak. Francis Crickekin batera Nobel saria jaso zuen gizonak aurtengo urrian prentsan adierazi zuenez, geneei kasu egin behar badiegu, beltzak eta zuriak adimen maila desberdinak ditugu: genomaren arabera, beltzak zuriak baino tentelagoak ei dira. Eta hara non, deCODE Genetics izeneko enpresak Watsonen genomaren azterketa burutu, eta zer erakutsiko? Zientzialari horren geneen %16a arbaso beltz batengandik jasoa omen dela!
Geneen mendeku gozo horren bestelako irakurketa posibleen tentazioari eutsiz, azpimarratu nahi nuke gertakaria arrazen oinarri genetikoari buruzko hainbat aurreiritziren kontrako ikasbide izan daitekeela. Hasteko, argitu behar da orain arteko arraza-sailkapenek ez dutela esangura zientifiko handirik. Herri bakoitzak arrazak sailkatzeko erabiltzen dituen irizpideak desberdinak izan dira (Indian, Europan eta Myanmarren, esate baterako, bereizten diren etniak ez dira parekoak); eta, aldi berean, antropologiako eta kulturako irizpidez egindako sailkapen horiek ez dute zientzialariek erabiltzen duten geneen araberako taldekatzea islatzen. Are gehiago, zientzialariek berek aitortzen dute geneek ematen duten informaziotik arrazei buruzko sailkapenak eratortzea konplikatua dela.
Leinuak eta jatorriak deskribatzeko, giza genomaren osagai egonkorrenei erreparatzen diete genetikariek: aitarengandik jasotako Y kromosomari, nahiz amarengandik datorkigun mitokondrietako DNAri, nagusiki. Elementu horiek, ordea, gure aurrekoen genomaren zati txiki bat besterik ez dute islatzen. Ezinbestean, genomaren lagin horretatik talde etnikoak eratorri nahi izateak zientifikotasun gutxi erakusten du. Horrez gain, alderaketak egin ahal izateko dagoeneko aztertutako genomen ereduak erabili behar dira, eta horiek gutxi batzuk baino ez dira; ezaugarri konplexuen alderaketa egiteko datuak falta dira, beraz.
Horrenbestez, arrazakeria geneetan oinarritu nahi izan zuen James Watson bera gutxietsitako giza taldekoa izan daitekeela jakiteak zigor justuaren kutsua duen arren, aitortu behar dugu zientziaren ikuspegitik nahiko hutsala dela hau guztia. Geneek ozta esango digute zein arrazakoak garen, egun, ezin baita arrazen arteko sailkapen genetiko zorrotzik egin. Oker larria zatekeen jendea geneen bitartez arrazetan multzokatu nahi izatea. Gizateriaren historian gorroto, aurreiritzi eta alderdikeria gehiegi dago, arraza gene pare baten azterketa kontua dela uste izateko.
(Puede haber caducado)