Afrikako dozenaka emigrante ito dira Yemengo kostaldean, beren ontzia iraulita

Gutxienez 56 gorpu aurkitu dituzte, baina hildakoak gehiago izan daitezkeela uste dute

Berria, , 18-12-2007

ixiar zubiaurre

Yemengo kostaldera iritsi nahian, Afrikako dozenaka emigrantek bizia galdu dute Adengo Golkoan, Somalia eta Yemen artean. Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak ziurtatu duenez, gutxienez 56 lagunen gorpuak aurkitu zituzten herenegun eta atzo arteko gauean. Hilotzen kopuruak gora egin dezake, ordea, Afrikatik aterako zituen ontzian Somaliako eta Etiopiako 148 lagun zihoazela azaldu baitute kostaldera onik iritsi ahal izan duten afrikarrek. Ontzian, besteen artean 40 emakume eta bost haur zihoazen.

Ondoratzearen ondotik, nola edo hala hondartzara iristea lortu zuten 49 emigrantek azaldu dutenez, Yemengo kostaldetik hurbil zirela, ontziko jabeak itsasora salto egiten ez bazuten, jipoitu egingo zituela mehatxatu zien. Mehatxuen beldur ontzian zihoazen guztiak ontziaren alde batean pilatu ziren, eta ondorioz, irauli egin zen. Iragan ostiralean Somaliako kostaldeko Bassosa herrixkatik irten ziren. Bidaian lau lagun hil ziren, ura eta jatekoa falta zutelako, bizirautea lortu dutenek aditzera eman dutenez.

EMIGRANTEAK, INDARKERIATIK IHESI. Iragan azaroaren 21ean Afrikako 64 lagunek galdu zuten bizia Yemengo kostaldean. Horien artean zazpi emakume eta hiru haur zeuden. Herrialde horretako agintarien arabera, urrian 6.400 lagun iritsi ziren, gehienbat Somaliatik eta Etiopiatik ihesi. Hil horretan 293 lagunek galdu zuen bizitza Adengo Golkoan.

Bestalde, gutxienez zortzi etorkin hi ziren atzo, Turkiako kostaldean. Antza 16 lagun inguru zihoazen ontzian ondoratu zenean.

ZenBaKIa

28.000

Somaliako etorkinak. Somaliako 28.000 etorkin inguruk immigratu dute Yemenera urtea hasi zenetik. Gehienak indarkeriatik ihesi edo lan bila zeharkatzen dute Edango Golkoa. Ordutik 600 lagun hil dira gutxi gorabehera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)