Etorri diren horiek

Berria, kaldabe@berria.info, 18-12-2007

Etorri ziren, soinean zutenarekin doi – doi asko, eta berehala eman genien zakukada bete opari, bizitza osoan gorde zitzaten: ezer gabeak eta paperik gabeak ez ziren izango; gaizkile, lapur, mutur – beltz, sesio bilatzaile, estatistika txarren gizentzaile, gizarte kohesioaren haustaile, gizarte zerbitzuen bizkarroi ere izango ziren.

Pertsona ez; barazki biltzaile, kale garbitzaile, hondakinen kudeatzaile, artzain, arrantzale, gure zaharren zaintzaile, neskame, prostituta ikusten genuen bakoitza. Nor ez; zer. Betebehar berak – edo gehiago – , baina eskubidez urri direnak behar baititugu geuk beteko ez genituen egitekoetarako.

Gure parean jarriz gero, onartezin irudituko litzaizkigukeen kontraesanak barneratu beharko baikenituzke; eta gurean Europako batez bestekoa baino arrazismo gutxiago dagoela ikusita lasaitzen dugu kontzientzia.

Mestizajeari uko egin baikenion, moda iragan zenean, gu, zer edo zer izatekotan, mendeetako nahasketaren emaitza izanik ere, Rh faktorearen kontuak gorabehera.

Pozten gara, poztuko ez gara bada, haietarik batzuk euskaraz mintzo direnean, edo haien seme – alabak euskaraz matrikulatzen dituztenean.

Asaldatzen gara, bai, polizia operazioek prostituzio sareak edo langile – esklaboenak azaleratzen dituztenean, baina jendea ez da kalera irteten haserrea adieraztera, askatu berri dituzten pertsonei elkartasuna adieraztera eta giza – tratulari eta proxenetentzat zigor gogorrak eskatzera.

Ez, horretara ez gara iristen. Nahikoa lan badugu gure kaleak eta auzoak gaizkile berriez bete direlako protesta egiten. Eskerrak alkate batzuek entzun duten herriaren nahia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)