Immigrazio politikan batera aritzeko urratsak egin ditu EBk
Berria, , 15-12-2007XXI. mendeko ituna onartu ostean, azken urteotako krisialditik ateratzeko bidea eman duen ituna, etorkizuneko erronka berriei begira jarri da EB Europako Batasuna. Bruselan bildu ziren atzo helburu horrekin hogeita zazpi herrialdeetako agintariek eta, besteak beste, immigrazioa izan zuten hizpide. Immigrazioa arautzeko neurriak modu bateratuan jorratzeko konpromisoa erakutsi zuten. Proposamen ezberdinak aztertzen ari dira zentzu horretan eta horien artean prestakuntza maila ona duten etorkinei baimenak errazteko da aurreratuen dagoen proposamena. EBeko hainbat sektoretan dauden hutsuneak betetzera etorriko lirateke langile horiek.
Alemania eta Austria dira proposamen horrekin kezka handiena agertu duten herrialdeak. Gainontzeko estatu kideak, alta, baikor agertu dira; dena den, estatu bakoitzak ezarriko luke kupoa eta ez Bruselak.
Paperik ez duten etorkinak kontratatzen dituzten enpresei zigorrak ezartzea, horixe da estatuburu eta gobernuburuek hitzartu zuten beste neurri bat. Zigor horiek handitu nahi dituzte eta datorren urtean egingo dute horren proposamen formala.
Europako Batasuneko agintariek aurten egindako azken hitzordua izan zen atzokoa. Jose Socrates Portugalgo lehen ministroa eta presidentetza duen herrialdeko ordezkaria izan zen protagonista nagusia. Portugalek sei hilabeteotan egin duen lanarekin pozik agertu zen Socrates: «Europako Batasunari bulkada eman diogu indartsuagoa izan dadin eta mundu hobeago bat lortzeko ekarpena egin dezan». Esloveniak hartuko du presidentetza heldu den urtarrilaren 1ean.
FELIPE GONZALEZ, GOGOETA TALDEKO BURUA. Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia izango da Europako etorkizunaren inguruko proposamenak egitea xede duen gogoeta taldeko burua. EBko agintariek aukeratu zuten atzo kargurako. Vaira Vike – Freiberga Letoniako presidente ohia eta Jorman Olilla Nokiako presidente ohia ere egongo dira lan taldean. Orotara bederatzi lagun egongo dira, eta 2020 – 2030 urteetara begira jarri beharko dira. Proposamenak 2010. urteko ekainean aurkeztu beharko dituzte, baina ez dira bete beharrekoak izango.
(Puede haber caducado)