Lisboako Ituna sinatu du EBk
Erresuma Batuko diputatuek ituna erreferendum bidez berresteko eskatu dute
Berria, , 14-12-2007IXIAR ZUBIAURRE
Zazpi urteko geldialdi politikoaren ondotik, EB Europa Batasuneko 27 estatuk Lisboako Ituna sinatu dute, 2005ean aurrera atera ahal izan ez zuten EBko Konstituzioaren erreforma, hain zuzen. Atzo, Lisboako (Portugal) Jeronimos Monasterioan, EBko estatuburu eta gobernuburuek banan-banan sinatu zuten 2009rako indarrean jarri nahi duten ituna. Ordu arte, baina, estatu bakoitzak berretsi egin beharko du.
EBko erakundezko egitura aldatzea eta batasunaren buruzagitza sendotzea ekarriko ditu, besteak beste, Lisboako Itunak. Horiek hala, estatuen onarpen formalerako egindako ekitaldian buruzagiek EBk aro berri bat hasi duela azaldu zuten agintariek. «Etorkizunera begira, belaunaldi askok amestutako Europako proiektua da onartu berri duguna», esan zuen Jose Socrates Portugalgo lehen ministroak. 2004tik EB handitu izanak -12 estatu gehiagok osatzen dute EB- egituren aldatzea behar zuela nabarmendu zuten agintariek. «Europa handi baterako ituna da, Mediterraneoan hasi eta Baltikoraino, Ozeano Atlantikotik Itsaso Beltzeraino». Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak hitzak dira horiek.
«Europa ez atzera, ez aurrera zegoen, nola aurrera egin ezin jakinda. Itunarekin horri konponbidea ematea lortu dugu». Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak bezala, Lisboan elkartutako estatu buruzagi eta gobernuburu askok 2005eko Konstituzioaren porrota dute gogoan. Frantziak eta Herbehereak egindako herri galdeketan ezezkoak irabazi izanak, ordu arte egindako ahaleginak zapuztu zituen. Konstituzioak irekitako krisia eta testu bateratu bat onartzeko izandako oztopo guztiak gaindituta, zabaldutako aukera alferrik ez galtzeko ahaleginak egingo dituzte aurrerantzean. Izan ere, Irlandak izan ezik, gainerako estatu guztiek ituna Parlamentuan, eta ez erreferendum bidez, berretsiko dutela aurreratu dute.
BROWN, BERANDU. Atzo Lisboako Ituna sinatzeko ekitaldian 27 estatuetako buruzagi batek kale egin zuen. Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak Komunen Ganbaran agertu behar izan zuen. Arratsaldean bidaiatu zuen Lisboara. Brown berandu ibili izanak EBrekiko eszeptikoa dela erakutsi du, zenbaiten ustez.
Bai bere alderdiaren -Alderdi Laborista- baita herrialdeko oposizioarengandik ere kritika ugari jaso ditu lehen ministroak. Itunaren berrespena erreferendum bidez egitea eskatzen diote kritiko hauek. Antza, ordea, Brown beldur da herri galdeketa eginez gero ituna onartuko ez den. Horregatik, Parlamentuari eman nahi dio ituna berresteko eskumena.
«Brownek esandakoa betetzea nahi dugu, hau da, ituna erreferendum bidez onartzea», azaldu du Tony Blair lehen ministro ohiaren aholkulari izandako Derek Scottek . Atzo, Erresuma Batuko diputatu talde batek protesta egin zuen Bruselan, herri galdeketa eskatuz.
batasunaren salbuespenak. Lisboako Ituna onartzea ez da erraza izan. Besteak beste, Poloniak eta Italiak iragan urria arte Konstituzioa onartzeko hainbat baldintza ezarri zituztelako. Azken momentuko negoziazioei esker akordioa hitzartzea lortu eta ituna sinatzeko bidean ireki zuten.
Lisboako Ituna estatuen neurrira egindako Konstituzio erreforma izan da. Erresuma Batuak, kasu, gainditu ezinezko marra ezarri zuen ituna sortzeko negoziazioen atarian. Horrekin, estatu moduan dagozkion eskumenak galtzea saihestu nahi izan du. Irlandak, Erresuma Batuak bezala, atzerri politikari dagozkion zenbait erabaki estatu moduan hartzeko asmoari heldu dio hasieratik. Itunak asiloa, bisa edo immigrazio gaietan berezko erabakiak hartzen jarraitzea ahalbidetuko die horiei. Justizia gaiei dagokionez, aukera izango dute Irlandak eta Erresuma Batuak erabaki horietan parte hartu hala ez erabakitzeko. Azken bide horri helduko dio Danimarkak ere.
Salbuespenak salbuespen, Hans-Gert Pottering Europako Parlamentuko presidenteak XXI. mendeko arazoei aurre egiteko Europako Batasunak izango duen tresna egokiena izango dela ziurtatu zuen.
«Belaunaldi askok amestutako Europako proiektua da Lisboan onartu berri duguna»
jose socrates
portugalgo lehen ministroa
«Brownek esandakoa betetzea nahi dugu, hau da, ituna erreferendum bidez onartzea»
derek scottek
tony blairren aholkulari izandakoa
LIsBoaKo ITunaren PunTu naGusIaK
EBko presidentea. Europako Batasuneko presidente egonkorra sortu du Lisboako itunak.Txandakatze sisteman, bi urte eta erdiz beteko du estatu bakoitzak EBko presidentetza.
EBko goi ordezkaritza. Atzerri gaietarako eta Segurtasun Politikarako gai ordezkari bat sortzea aurreikusten du itunak.Goi ordezkari horrek Europako Batzordeko presidenteorde kargua ere beteko du aldi berean. Atzerriko ekintzak agintzeko zerbitzu diplomatikoa izango du.
Europako Fiskaltza. Finantza gaiei dagozkion ikerketak abiarazi eta legea urratzen duten kasuak auzitegietara eramateko Europako Fiskaltzaren irudia sortu du erreformak.
Legegintzarako ekimena. EBko herritarrek legeak proposatu ahalko dituzte milioi bat sinadura biltzen badituzte.
Subsidiariotasuna. Estatuek Batzordeari lege proposamen bat bertan behera uzteko eskatu ahalko diote.
Europako Parlamentua. Batzordearekin batera erabaki eta arautzeko ahalmen gehiago aitortzen dizkio.
Giza eskubideen gutuna. Itunaz kanpoko dokumentu batean onartu badute ere, erreformak azken xedapen batean erreferentzia egiten dio. Ondorioz, EBko estatu eta erakunde guztiak Erresuma Batuak eta Poloniak ez dute sinatu lotuko ditu giza eskubideen gutunak. Balore eta printzipioak aitortzen dizkie herritarrei.
Betoa. Asiloa, immigrazioa, eta politika eta justizia lankidetza gaietan hartutako erabakiei betoa ezingo zaie jarri.
Gehiengo kualifikatua. Batzordeak gehiengo kualifikatuarekin hartzen dituen erabakiak Europako Parlamentuaren parte hartzea izango dute.
EBko zabalkundea. Itunak estatu kideen sarrera prozesua erraztuko du.
Pertsona juridikoa. EBk pertsonalitate juridikoa izango du.
EB uzteko aukera. Estatuei EBko parte izateari uzteko aukera aitortzen du.
Justizia Auzitegia. 2014tik aurrera lankidetza judiziala eta poliziala kontrolatzeko gaitasuna izango du Justizia Auzitegiak.
Lankidetza judizial eta poliziala. Estatuen eskumena izatetik EBren eskumena izatera igaroko da lankidetza judizial eta poliziala.
ZenBaKIa
5,7
EBko 2008ko aurrekontuak. Europako Parlamentuak EB Europako Batasuneko 2008rako aurrekontuak onartu zituen atzo. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, %5,7 handitzea ekarriko du, 120.346 milioi eurokoa, hain zuzen.
KronoLoGIa
Desadostasunez betetako bidea
2000
Abenduaren 10a. Nizan ituna hitzartu zuten Europako Batasuneko buruzagiek, Batasun barruko erreforma egiteko.
2001
Otsailaren 26a. Aste batzuk lehenago Nizan hitzartutako ituna izenpetu zuten. EB barruan Europako ekialdeko estatuak sartu ahala, boterea nola banatu zehaztea lortu zuten itunari esker.
Abenduaren 15a. Europako Kontseiluak EBren geroaren gaineko deklarazioa onartu zuen. Itunen erreforma lantzeko konbentziora deitu zuen.
2002
Otsailaren 28a. Konbentzioa martxan hasi zen, presidente Frantziako buruzagi ohi Valery Giscard D’Estaing zela.
2003
Otsailaren 1a. Nizako Ituna indarrean sartu zen.
Uztailaren 18a. 17 hilabeteko lanaren fruitua aurkeztu zuen Giscard d’Estaingek; Europako Konstituzio Ituna gauzatzeko egitasmoa.
Urriaren 4a. EBko 15 estatuek gobernu arteko konferentzia hasi zuten Konstituzioaren testua hitzartzeko.
Abenduaren 13a. Konstituzio Itunaren gaineko akordioa lortzeko ahaleginetan porrot egin zuten EBko buruzagiek. Espainiak eta Poloniak jarri zituzten, besteak beste, eragozpenak. Bozkatzeko orduan gehiengo bikoitzaren sistema ez zuten onartzen. Nizako formula luzatzeko eskatu zuten.
2004
Maiatzaren 1a. Beste hamar estatu atxiki zitzaizkion EBri; Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Polonia, Zipre eta Malta.
Ekainaren 18a. Irlandaren presidentetzapean, Europako Batasuneko 25 estatuek akordioa lortu zuten Itun Konstituzionalaren inguruan.
2005
Otsailaren 20a. Espainiak baiezkoa eman zion erreferendum bidez Konstituzioari.
Maiatzaren 29a. Krisi hotsak Paristik. Frantzian eginiko erreferendumean ezezkoak irabazi zuen.
Ekainaren 1a. Herbehereetan ere ezezkoak irabazi zuen.
Ekainaren 17a. «Gogoeta aroa» zabaldu zuen Europako Kontseiluak, Frantzia eta Herbehereetako ezezkoen harira.
2006
Ekainaren 16a. EBko buruzagiek, aurki Alemaniak presidentetza hartuko zuela ikusirik, proposamena egin zioten prozesua berriz abiatzeko «errepide mapa» aurkezteko.
2007
Urtarrilaren 1a. EBn beste bi estatu sartu ziren; Bulgaria eta Errumania.
Ekainaren 22-23a. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak «Konstituzio» deitzen ez zen itun berri baten inguruan akordioa lortzeko eginahalak egin zituen. Gutxienekoen Erreforma Ituna hitzartu zuten EBko 27 kideek.
Urriaren 19a. Konstituzio Erreforma Ituna onartu zuten Lisboan.
Abenduaren 13a. Lisboako Ituna izenpetu zuten.
(Puede haber caducado)