Saburdi enpresa salatu dute ustez etorkinak esplotatzeagatik
Berria, , 14-12-2007erredakzioa
Gasteiz
Arabako Saburdi ostalaritza enpresaren kontrako salaketa jarri du UGT sindikatuak, ustez etorkinak esplotatzeagatik. Salaketaren arabera, enpresa horrek Miranda de Ebroko (Espainia) tabernetan lan egiteko errumaniar batzuk kontratatu zituen euren jaioterrian. Ordainetan, Errumaniatik Miranda de Ebrorako autobus txartela agindu zien, herri horretan lan egin eta bizitzeko beharrezko legezko dokumentuekin batera.
Lanean hasi zirenean, ordea, oso bestelako lan baldintzak ezarri zizkietela salatu du UGTk. Sindikatuaren arabera, langileek asteko 60 ordu lan egiten dituzte, eta kontratuak 40 orduko lanastea jasotzen zuen. Soldata, berriz, 1.070 eurokoa jasotzen zuen kontratuak, baina langileek 500 euro soilik jasotzen dituztela jakinarazi zuen sindikatuak, eta langileei egunean jatordu bakarra ematen zietela ere bai.
Hiru hilabete pasatu dira langile horiek Errumaniatik ekarri zituztenetik, baina lan baldintzak ezagutu ostean asko itzuli egin ziren. UGTk jakinarazi duenez, kontratatutako 39 lagunetik 28k soilik jarraitzen dute Miranda de Ebron lanean. «Joan ziren guztiak erresidentzia eta lan baimenik gabe bidali zituzten, soldata osoa ez zieten ordaindu, eta zegokien finikitoa ere ez». Gainerakoek ere alde egitea erabaki dute jada, baina kontratua eteteaz bakoitzak 3.000 euro ordaindu beharko dizkiola eskatu die enpresak. Gainera, eurei dagokien lan eta erresidentzia baimena ez ematearekin mehatxu egin diela salatu du UGTk.
(Puede haber caducado)