Suitzako alderdi indartsuenak oposizioan sartzea erabaki du
Parlamentu federalak uko egin dio UDCko sortzaile Christoph Blocherrek Gobernuan jarraitzeari
Berria, , 14-12-2007UDC Zentroko Batasun Demokratikoa Suitzako alderdi politiko indartsuena da eta hemendik aurrera oposizioan ariko da gobernu federalean. Halaxe iragarri zuen atzo. Eskuin muturrean kokatzen den alderdi horrek iragan urriaren 21ean egin ziren Legebiltzarrerako bozak irabazi zituen, bozen %29a eskuratuta. Suitzako Parlamentu Federalak, baina, alderdi horretako sortzailea ministro kargu baterako izendatzea galarazi zuen herenegun. Christoph Blocherrek gobernu federalean jarrai zezan galarazi zuen Parlamentuak. Eveline Widmer – Schlumpf alderdikidea ministro izateko prest agertu zen atzo – moderatua da – . Blocher Justizia eta Polizia ministro zen eta, jarrera xenofoboak zirela eta, salaketa olde piztu du Suitzan.
UDCk iragan urriko hauteskunde kanpainan plazaratutako iritzi eta jarrera batzuek «arrazakeria kutsua» zutela ohartarazi zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak. UDCren afixa batek, esaterako, atzerritarrak ardi beltz baten antzera irudikatzen zituen, bertako herritarra islatzen zuen ardi zuri batek herrialdetik at haizatzen zuelarik.
Jarrera xenofobo hauek herrialdeari eman zion irudi txarra zuzendu nahian edo, Parlamentu federalak Blocherren ordez jarrera motelagoak dituen Widmer – Schlumph hobetsi zuen herenegungo bozketan. Widmer – Schlumphek 125 legebiltzarkideren botoa jaso zuen, eta Blocherrek, 115rena. Widmer – Schlumphek, alta, atzo goizera arte ez zuen izendapena onartu.
Suitzako Parlamentu Federala bi erakundek osatzen dute: Kontseilu Nazionala – indar politikoen ordezkariak biltzen ditu – eta Estatu Kontseilua – herrialde autonomoen ordezkaritza da – .
Bozketa honek ezuste handia eragin zuen Suitzan; izan ere, gobernu eredu tinkoa duen adostasun politika eten baitzuen. 1959. urteaz geroztik, aginte federaleko zazpi kideak indar politikoek bozetan lortutako emaitzen arabera daude hautatuta. Eskuineko eta ezkerreko indarren arteko batasun gobernu batean oinarritzen den gobernu eredu honi formula magikoa deitu izan diote. Eskuineko indarrek bost gobernukide izango dituzte gobernu federalean orain eta ezkerrekoek bi.
BI MINISTRO IZAN ARREN, OPOSIZIOAN. UDC barnean ere giroa nahastuta dago. Caspar Baader UDCko diputatu federalen buruzagiak argi utzi du oposizioan arituko direla: «Gobernuari presio egingo diogu ekimen politikoak eta herri galdeketak bultzatuta». Suitza, bere hitzetan, zentro – ezkerreko aginte baten esku dago orain eta, hortaz, indar politikoen arteko adostasun eta botere banaketa hautsita dago: «Apurtu egin duzue guztiz baliozkoa zen gure gobernu eredua».
Christoph Blocherrek, bere aldetik, esan zuen «lasaitasun, atsekabe eta sumindura artean» hartu zuela baztertua izan izana. Oposizioan aritzea mesede egingo diola adierazi zuen ere Blocherrek: «Horrela esan gogo ditudanak esan ahal izango ditut».
(Puede haber caducado)