Kanporatu egingo dute Bilboko ezkutuko bidaiaria

Berria, ERREDAKZIOA, 11-12-2007

Bilbo

Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak abenduaren 6an Bilboko portura iritsitako bi ezkutuko bidaiarietako bat kanporatzeko prozesua abiatu du. Ordezkaritzaren esanetan, ezkutuko bidaiaria Anna Stevns itsasontzian zegoen, zaintzapean, baina gauean zaintzaileei ihes egin zien eta Portugaleten (Bizkaia) atxilotu zuten. «Ezkutuko bidaiari bat edukitzetik legez kanpoko etorkin bat edukitzera pasa gara», esan zuen Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak. «Espainiako lurra zapaldu du, eta legez kanpoko etorkin bihurtu da».

Aljeriako ezkutuko bi bidaiari iritsi ziren iragan abenduaren 6an Casablancatik (Maroko) Bilbora, Antigua eta Barbudako bandera duen Anna Stevns itsasontzian. Ezkutuko bidaiarietako bat adingabea da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak hartu du haren ardura. Besteak bere burua zauritu zuen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Ospitaletik itsasontzira itzulitakoan zaintzapean jarri zuten.

CEAR Errefuxiatuen Laguntzarako EAEko Batzordeak ezkutuko bidaiariari Bizkaian sartzea baimentzeko eskatu zion atzo Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzari, «arrazoi humanitarioengatik». CEARen esanetan, bidaiariak hiru aldiz zauritu du bere burua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)