Mediterraneoa, etorkinen hilerri
Berria, , 11-12-2007Europara lan bila etortzen diren Afrikako eta Ekialde Hurbileko lagun gero eta gehiagoren hilerri bilakatzen ari da Mediterraneo itsasoa. Hala, joan den larunbatean, etorkinak zihoazen bi ontzi hondoratu ziren, eta dozenaka lagun ito.
Ustez Turkiako Izmir portutik abiatu zen, eta 80 lagunetik gora zihoazen 15 metro luzeko ontzi bat hondoratu zen larunbat gauean, denboralean harrapatuta geratu eta gero. Atzo iluntzean, Izmir hiriko gobernadoreak emandako argibideen arabera, gutxienez 51 etorkin ito dira. Azken balantzea larriagoa izan daiteke, ordea, sei lagun baino ez baitituzte bizirik aurkitu, eta horien egoera larria baita.
Agintariak zehaztu du hondoratu den ontzian zihoazenak Irak, Palestina eta Somaliatik zetozela. Afrikako eta Ekialde Hurbileko etorkin ugari Turkiatik saiatzen dira, lehorrez edo itsasoz, Europako Batasuneko herrialdeetarat sartzen. Itsasoz, Grezia edo Italiara iristen saiatzen direnak traza txarreko ontzietan metatzen dituzte, eta horiek ekaitzean harrapatuta geratu eta hondoratzeko arriskua oso handia da.
Turkiako itsasaldean gertatutako istripua ez da joan den aste amaieran gertatutako bakarra izan. Ezen Mauritaniatik azaroaren 30ean abiatu, eta etorkinak garraiatzen zituen beste ontzi bat hondoratu zen larunbatean Mendebaldeko Sahararen itsasaldean. Berrogei bat etorkin desagertuta zeudela jakinarazi zuten atzo iturri ofizialek.
(Puede haber caducado)