Somaliako 27 etorkin hil dira gutxienez Yemendik hurbil hondoratu den ontzi batean

Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, 54 lagun daude desagertuta, eta 45 onik atera dituzte

Berria, allande sokarros, 01-12-2007

Lan baten bila Afrikatik ihes egiten saiatzen diren etorkinen soka luzeak gertakari latzak eragiten ditu etengabe. Hala, Somaliatik zetozen 27 etorkin afrikar ito ziren atzo Yemengo kostatik hurbil, garraiatzen zituen ontziak hondoa jo ostean. Txalupa berean zihoazen 54 lagunek desagertuta jarraitzen zuten lerro hauek idazteko orduan, eta 45 onik atera zituzten. Salbamendu taldeek jasotako gorpuen artean, lau emakume eta bi haur zeuden.

Hondoratu zen itsasontzian, beraz, 126 etorkin zihoazen. Barkuak hondoa jo zuen Yemengo Hadramaut probintziako itsasaldean, Sana hiriburutik 900 kilometro hegoaldera. Ontziaren abiagunea zen Somaliako Puntland eskualdeko Bosasoko portua.

HAMAR EGUNEAN, BIGARREN DRAMA . Joan den urriaren 21eko gauean, 64 etorkin afrikar ito ziren Afrikako eta penintsula arabiarreko kostak bereizten dituen Adengo golkoa zeharkatzeko saioan, garraiatzen zituen ontziak hondoa jo eta gero. 25, aldiz, bizirik irten ziren, igerian lehorreratzea lortuta. Barkua Shabuako itsasaldean hondoratu zen, eta hura ere Bosasoko portutik zetorren.

Kasu gehienetan gainkargatuta daudelakotz, edo egoera txarrean daudelakotz hondoratzen dira etorkin afrikarrak garraiatzen dituzten ontziak. Alabaina, sarritan gertatu izan da, paperik gabe penintsula arabiarrera sartu nahi duten etorkin afrikarrak garraiatzen dituzten trafikanteek ere uretara bota ditzaten, kostatik aski urrun. Hala gertatu zen azaro hasieran, Somaliako 40 etorkin ito zirelarik, garraiatzaileek itsasora salto egiterat behartu eta gero.

Urriaren 23an, UNHCR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Goi Komisariatuak jakinarazi zuen Afrikako 66 etorkin ito zirela aurreko egunean,Yemengo itsasaldean urerat salto egitera behartuak izan ondoren. Zifra ofizialen arabera, 6.400 etorkin afrikar iritsi ziren urrian Yemenera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)