Bira

'Pour rien'

Berria, Amagoia Iban, 28-11-2007

Bi gazte dira, ez dira bi ume. Izan ere, denok dakigu lehenago zailtzen dela bat periferietan, adingabe izanik ere, eta 15 eta 16 urte dituzte. Zituzten, barkatu. Hilak baitira, biak. Pour rien hilak, auzoko batzuek haien heriotza salatzeko idatzi duten bezala. Jendaila deitu zituen SuperSarkoren Poliziaren auto bat jota, motoarekin. Bertsio ofizialaren arabera.

Bertsio ez ofizialaren arabera, berriz, istripuan suertatutako poliziek ez zituzten gazte biak berehalakoan artatu. Garrantzitsua da bertsioen kontua, bai. Bertsio ez ofiziala sinetsi dutenak asko eta asko direlako, sua piztuta dagoelako, Poliziaren aurka oldartu delako jendaila. Duela bi urte bezala.

Bazter auzoetako biztanleen egoera bideratzeko promesa guztiak gero eta gehiago armatutako Poliziarekin ez direlako betetzen. Asko jota, gaztetxoentzako kartzelak eta jendaila gisa tratatzen dituen autoritatearekiko herraren hauspoa betetzen dira.

Horrexegatik dira hain sinesgarriak bertsio ez ofizialak periferietan: hamaika aldiz kolpatu duelako bazterrekoen egia autoritatearen bertsio ofizialak.

Eta hasiko dira, duela bi urte bezala, gazteok esker txarreko soziopatatzat hartzen. Egunotako suak pour rien piztuak direlako, noski. Munduko su guztiak bezala. Bertsio ofizialaren arabera, bai.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)