Parisko bazter auzoetan berriro piztu dira istiluak, eta lasaitasunerako deia egin dute
Nerabe bi Poliziaren auto bat jota hil dira, eta 2005eko zalapartak berpitz daitezkeen kezka dago
Berria, , 27-11-2007arantxa iraola
Laramik 16 urte zituen eta Moshinek bat gutxiago. Igandean motoan zihoazen biak Parisko Villiers-Le Bel bazter auzoan, eta Poliziaren auto batekin talka egin, eta hil egin ziren. Jazoera ikusi zuten zenbait lekukok, gaztetxoak artatu gabe alde egitea egozten diete poliziei, eta giroa gori-gori dago Parisko bazter auzoetan. Jazoera argituko dela hitz eman, eta lasaitasunerako deia egin dute Frantziako agintariek, Baina protesta keinuak ugariak izan dira zenbait auzotan. Herenegun ilunabarrean, autoak, telefono kabinak eta autobus geltokiak erre zituzten, eta istiluak izan ziren Poliziarekin. 25 polizia zauritu ziren, eta hamar bat lagun atxilotu zituzten. Atzo, telebistako talde bati egin zioten eraso. Testuinguru honetan, 2005eko urri-azaroko liskarrak berpitz daitekeen kezka dago; orduko hartan ere bi nerabe hil zirela-eta hasi ziren zalapartak, eta hiru astez luzatu ziren.
Fiskaltzak hala eskatuta, Polizia Nazionalaren Ikuskaritza Nazionala ari da jazoera ikertzen, Polizia ikertzeko ardura duen batzordea hain justu. Gaztetxoekin ezbeharra izan zuten poliziei, nahigabeko hilketa eta beharrean direnei ez laguntzea lepora dakiekeen aztertu zuten atzo, eta, lehen zantzuen arabera, onik aterako dira.
Pontoiseko fiskalak, Marie-Therese de Givryk, galdekatu dituzten lekukoek polizien bertsioa berretsi dutela azaldu zuen atzo arratsaldean: «Trafiko istripu bat izan zen». Ukatu egin zuen, gainera, poliziek bi nerabe zaurituak bazter utzi zituztenik: «Ez dut onartuko inork horrelakorik esatea. Laguntza eman zitzaien bi nerabe horiei. Suhiltzaileak segituan iritsi ziren, eta ahal izan zen guztia egin zen haien bizia salbatzeko».
Nolanahi ere, ikerketa oraindik guztiz bukatzeko dagoela azaldu zuen, eta hildako nerabeen senideekin elkartu zen haiei hitzemateko ikerketa «azken bururaino» eramango dutela.
SARKOZYREN DEIA. Atzerrian izan du jazoera horien berri Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Txinan da. Lasaitasunerako deia egin du: «Justiziak argi bitza batzuen eta besteen erantzukizunak». Antzera mintzatu da Alliot-Marie Barne ministroa. «Ezinbestekoa da Poliziari eta justiziari beren lana egiten laga, eta jazotakoa argitzea». Jarrera bortitzak antzuak direla esan du: «Indarkeriak eta nahasmenduak ez dute deusetarako balio».
2005eKo IsKaNBiLaK
300
Liskarrak izan ziren tokiak. 2005eko zalapartetan Frantziako 300 herri, hiri zein auzotan gertatu ziren liskarrak. Hiru astez luzatu ziren.
10.000
Erretako ibilgailuak. Liskarretan 10.000 ibilgailu inguru kiskali zituzten.
4.770
Atxilotuak. Oso bortitzak izan ziren orain bi urteko liskarrak, eta Poliziak 4.770 lagun atxilotu zituen horiei aurre egiteko asmoz.
(Puede haber caducado)