Lehorrera iristeko ahaleginetan 64 etorkin hil dira Yemengo kostan

Berria, erredakzioa, 23-11-2007

Gutxienez 64 etorkin afrikar hil ziren Yemengo kostara iristeko ahaleginetan asteazken gauean. Hildakoen artean zazpi emakume eta hiru haur zeuden. Antza denez, etorkinak zeramatzan itsasontzia irauli egin zen Arqa herriko kostatik gertu. 25 lagunek igerian kostara iristea lortu zuten. Hil ziren 64 lagunak Sana probintzia inguruko arrantzaleek aurkitu zituzten hilotz, istripua gertatu zen tokitik 570 kilometrora.

Yemengo Gobernuak hildako etorkinen jatorria ez du zehaztu, eta kopuru zehatzik ere ez du baieztatu. Hil honen hasieran 40 lagun hil ziren antzeko jazoera batean, eta, Yemengo agintarien aburuz, urte honetan denera 50.363 etorkin iritsi eta 921 hil dira. Etorkin gehienak Somaliakoak eta Etiopiakoak izaten dira. Somaliako etorkin gehienek bertako gatazka armatutik ihes egin nahian hasten dute atzerrirako bidea.

DATUEN GAINEAN DUDAK. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren txosten baten arabera, etorkinei buruzko datuak Yemengo Gobernuak adierazitakoak baino txikiagoak da. Aurten Yemenera 20.000 etorkin inguru iritsi direla jakinarazi du. Yemengo Gobernuak esaten duena baino gutxiago, hain justu. Jazoera hauen ondorioz, 439 hildako eta 489 desagertu egon direla esan du, halaber, UNHCRk.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)