«Inposizioen garaia iritsi da»
Txinari buruzko aipamenak ezabatu egin dituzte batzorde ekonomikoaren ebazpenetik, baina eztabaida eragin dute Afrikan eginiko inbertsioek.
Berria, , 23-11-2007Kigali
Ezkor ageri da Kilontsi. EPA akordioek Cotonukoak desegiteko gero eta denbora gutxiago geratzen da. EB – AKP bilera izan da EPAren aurkako erantzun bateratua emateko azken aukeretako bat. Herrialde guztiek hitzari eusteko gaitasuna izango duten itxaropena ez du erabat galdu, ordea.
Hilabete bat eta egun gutxi barru…
Urteberri on! Guretzat ez, ordea. Europako nekazaritza industria egunak zenbatzen arituko da.
Europak ere izango ditu arazoak. Immigrazio uholdea handituko da…
Bost axola Europari immigrazio horrek. Aspalditik ari dira uholde hori gerarazteko harresiak eraikitzen.
Zuen herrietako gazterik prestatuenak ebatsiko dizkizuegu.
Gure herria garatzeko ezinbestekoak ditugunak, alegia. Txartel Urdina, utikan! Zer gertatzen ari da Afrikatik joandako immigranteen seme – alabekin? Nolatan utzi du Europak jende talde garrantzitsu hori galtzen? Txartel Urdinak Europaren porrota uzten du agerian. Bertakoak prestatzen egin du porrot, eta orain guri ebatsi nahi digu Europak gure jende prestatuena.
Eta, gainera, bere produktuen gaineko zergak ezabatu beharko dituzue.
Ezinbesteko diru sarrerak Afrikako gobernuentzat garapenean, hezkuntzan, osasunean, inbertitzeko. Inportazioen gaineko zergarik gabe…
EPA akordioak onartzera behartuta egongo zarete, azkenean.
Baina oraindik badugu aurre egiterik. Ez gaude egoerarik onenean, baina Europako Batzordeak zer edo zer pentsatu beharko du Afrikako herri guztiok ezetz esaten badiogu.
Ematen du Europako Batzordeak erabakia duela jada: edo EPA edo ezer ez.
Europako Batzordeak joko arauak aldatu ditu, gu aintzat hartu gabe. Berria da hori. Inposizioaren garaia heldu da. Zentzu horretan, EB – AKP Legebiltzar Paritarioa lagungarri gerta dakiguke Batzordearen egitasmoak agerian uzteko. Gardentasuna da auzi honetan falta dena. Herrietako parlamentuak saihestu nahi ditu Bruselak. Argi gera bedi: Kigalin gauden AKPko kideok gure parlamentu nazionalen bitartez presio egingo dugu gobernuek hitzarmen horiek sina ez ditzaten.
Urtarrilaren 1etik aurrera Cotonuko akordioei eusterik izango ote da?
Hori da nire itxaropena. Gu behintzat horren alde borrokatuko gara. Negoziazioak luzatzearen alde borrokatuko gara, eta bitartean Cotonuko akordioek iraun dezaten eskatuko dugu. Hori ahalbidetzen dute Cotonuko akordioen zenbait puntuk; ez dugu amore emango.
Zazpi urteren ostean Afrikaren eta EBren arteko goi bilera egingo da, abenduan.
Espero dut gure liderrek bat eginda jokatuko dutela Lisboan. Azkeneko aukera izango da.
(Puede haber caducado)