Gazte etorkinak, aukera eske
Gurean tutoretzapean dauden gazte etorkinei laguntzarako duten premia ez zaie 18 urte betetzean desagertzen; aurrera egiten laguntzeko esperientziak izan dituzte aztergai Donostian.
Berria, , 22-11-2007Donostia
Gernikako piperrak ekoizteko asmoz hasi zena, 18 urte bete dituzten gazte etorkinak euren egunerokoan laguntzeko egitasmoa da egun. Pobrezi arriskua edota gizarte bazterketa jasaten duten taldeekiko lan ekimenak sustatzen ditu Goiztiri elkarteak, eta ekimen horietako bat zen piperrak ekoizteko enpresa sortzea, lan munduan sartzen laguntzeko. Berotegiak jartzeko toki egokiena Loiuko (Bizkaia) Zabaloetxe gazte etorkinen harrera zentroaren ingurua zela ikusita, gazteok lan munduratzeko programa egin zuten. Enpresa ezin izan zuten sortu, baina programa egina zutenez, aurrera egitea erabaki zuten. Egun, lan munduratzean ez ezik, etxebizitza lortzen laguntzen die Barakaldoko elkarteak 18 urte beteta bakarrik dauden gazte etorkinei. Goiztiriren esperientzia ez ezik, Punt de Referencia elkartearena (Bartzelona, Herrialde Katalanak) aztergai izan dituzte asteon Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian, SOS Arrazakeriak antolatutako jardunaldietan.
Goiztiri elkartearen lana azalduz Jesus Castanedak hasi zuen 18 urterekin zer? izenburupeko hitzaldia. Bakarrik dauden gazte etorkinei begirako ekimena abiatzeko, zenbait galdera egin zizkion elkarteak bere buruari: «Zer da gazte batek behar duen lehen gauza? Etxe bat». Harrera pisu bat prestatu zuten sei gazterentzat. Gero gazteei aurrera egiteko zer behar zuten galdetu zieten; lehenik «paperak» behar zituztela, eta bigarrenik lana, erantzun zieten. Goiztirik bere buruari erronka jarri zion: hori guztia 9 hilabetetan egitea; hots, gazte bakoitzak epe horretan legezkotasun egoera, lana eta etxebizitza lortzea.
Etxebizitza lortzeko, 53 etxe agentziatara jo zuten gazteek, baina bakar batek ere ez zien alokatze kontraturik egin. «Zergatik? Gazte, mairu eta paperik gabeak zirelako. Paperak eta nomina ona dituen zuri bati egingo al liokete? Bada, ni neu joan nintzen enpresako nagusi gisa langileentzat pisua hartzera». Han biziko ziren gazteak aurkeztu zizkion gero higiezinen enpresari, «baina dena sinatuta zegoenez…». Pisuko lehen kuotak ordaintzeko, bankura mikrokredituak eskatzera jo zuten, baina arazo berarekin egin zuten topo. Hala, kredituak elkarteak eskatu eta gazteei merkatukoa baino interes txikiagoan banatzea otu zitzaien urtebetean itzuliz gero, interesik gabe.
Bizkaiko Foru Aldundira ere jo zuten gazteentzako hezkuntza zerbitzuan laguntza eskatzeko. Sistema ontzat zuela eta abian jarri nahi zuela esan zien Aldundiak. Egun sistema horretan lau elkarte ari dira lanean 70 pisutan bizi diren lagunekin. Gazteek kudeatzen dituzte gastuak eta, behar mailaren arabera, hezitzaileen laguntza dute.
Lan munduratzean laguntzeko, berriz, enpresak sortzen eta tailerrak antolatzen hasi ziren, beste hainbat enpresekin praktikak egiteko hitzarmenak lotzearekin bat.
Denbora epeei garrantzia berezia ematen die Castanedak. Gazte batek ez baditu helburuak 9 hilabeteko epean bete, bere aukera galdu du. Baina orain artean programan aritutako gazte batek ere ez du epea gainditu, lehenago lortu dituzte guztiek jarritako xedeak.
BAKARRIK EZ. Bestelakoa da Bartzelonako Punt de Referencia elkartearen lana, xede bera badu ere: gazte etorkinei aurrera egiten laguntzea. Hartarako bi oinarrizko programa dituzte, Marta Barbara elkarteko kidearen hitzetan: Referents eta Acull. Biek boluntarioen lana ezinbesteko dute. Lehenengoan boluntarioaren eta gaztearen arteko lotura egiten du elkarteak. Boluntarioak lagunduko dio gazteari bere egunerokoan, eta batak bestea bere harreman sarean sartuko du, halaber. Bigarrenean askotariko familiak dira boluntarioak, eta 8 hilabetez gazte bat etxean hartzeko konpromisoa hartuko dute. Aurrera ateratzen laguntzea ez ezik, gaztea bakarrik ez sentitzea ere bada helburua.
(Puede haber caducado)