lucia arias SOS Arrazakeriako Adingabekoen Lan Taldeko kidea

«Normal sentiarazi eta lanerako duten proiektua indartu behar da»

Berria, a. sarasola, 22-11-2007

SOS Arrazakeriaren jardunaldien barruan, gurean adingabeko etorkinen egoerari buruz Nola dauzkagu? izenburupeko hitzaldia egin du Lucia Arias SOS Arrazakeriako kideak, Mercedes Jimenez antropologoarekin batera. Gazte etorkinentzako harrera zentroetako baliabide eskasia nabarmendu du.

Zein egoeratan daude gurean bakarrik dauden adingabeko etorkinak? Nolakoa da euren egunerokotasuna zentroetan?

Iritsi berritan, gaztetxo hauek premiazko edo lehen harrerako zentroetan daude; oraindik etxea egokitu ez zaienak dira. Tolosako (Gipuzkoa) zentroan, esaterako, baldintza oso txarretan zeuden; etxe zaharra eta batere zaindu gabea zen, eta oso giza baliabide gutxi zituen; bi hezitzaile 20 – 25 haurrentzat. Beste batzuk ostatutan daude, eta hori ere ez da baliabide ona, beren nahierara uztea baita, astean bitan doan hezitzaile batekin; zaintza askotan ia telefono bidezkoa da. Hezitzaileen lana soilik da hara joan, bizirik daudela ziurtatu, tailerretara joateko tren txartelak eman… autonomia eta ardura dutela pentsatzen da. Urnietan (Gipuzkoa), berriz, 14 urtetik beherakoak daude; 10 haur eta bi hezitzaile. Horiek ere ez dira baldintza onenak. Goizetan batzuk tailerrera doaz, prestaketa zentrora… eta txikiak eskolara. Horiek dira baldintzak, azpiegitura eta giza baliabide egokien falta dutenak, erabat. Gero sei laguneko pisuetara pasatzen dira.

Bertako baldintzak beste batzuk dira?

Baldintzak egoitza modukoak dira. Dena den, hezitzaile kopuruan gabezia dago. Hezitzaileen txandak oso luzeak dira, hamar ordukoak. Esaten da gaztetxoek prestatuko dutela jana, baina aurrez ikasi beharko dute eta, azkenean, hezitzaileak halako zereginak hartzen ditu. Jarrera oso ona duten hezitzaileak daude, baina ez dute prestakuntzarik ez baliabiderik. Hezitzaileak hezitzeko zeregina du, ez bazkaria egitekoa. Eta hezitzaileen lanaren zati handi batek administrazio eta zaintza eginbideekin du zerikusia.

Zein lan egin beharko luke hezitzaileak eta noraino iristen da?

Lan hezitzailea; gaztetxoen arazoekin adi egotea, gidatzea hona etortzearen prozesuan, gaztetxoek hemen duten erreferentea izatea, oinarrizko auzi guztietan gidatzea leku desberdin batera iristean…

Baina egungo baldintzetan, zure ustez, ezin dute halakorik egin.

Ez. Oso gutxi dira guztiak zaintzeko, ez dira iristen. Hezitzaile bat hirurentzat; hori litzateke ideala.

Gaztetxoak zein egoeratan iristen dira?

Bakarrik dauden adingabeko etorkinei buruz ari gara; ia denek etxetik ihes egin dute eta askok jipoiak jaso dituzte. Euren familien egoera ekonomiko txarra dela – eta etorri dira. Beste bizi alternatiba bat bilatu nahian datoz, batez ere aterabide ekonomiko hobeak lortzeko senideentzat eta eurentzat.

Herriko gainerako gaztetxoekin integrazioa lantzeko zer lan egiten da?

Eurek loturak tailerren edo eskolaren bidez dituzte. Baina, kontatzen didatenez, jarrera sozial bat badenez eskoletako adingabeak eurekiko ez daudela oso irekita. Eskolan, badira batzuk ikasturte osoa eman eta gelakideek hitz egiten ez dietenak. Egin beharreko beste lan bat da hori, sentsibilizazioarena. Beste esparru bat aisialdi talde, elkarte eta abarretan bilatzen da, gaztetxo hauen parte – hartzea errazteko.

Zentroen inguruan zabaltzen diren albisteak gatazka eta arazoei lotuak izaten dira. Gazteen kriminalizazioak ez du integrazioa askorik lagunduko.

Asko jokatzen da estereotipoekin. Kontuan hartu behar da nerabeak direla eta, nerabeek, hemengoak, Marokokoek edo Errusiakoek, euren adinean ohiko jarrerak dituzte. Egon litezke gaztetxo etorkinen artean legea hautsi dutenak, baina horri publizitate asko ematen zaio. Orokortu eta denak epaitzen dira. Edozer gauza egiten dutela falta larritzat jo eta Ertzaintzara deitzen da. Adingabekoen arteko gatazka bat konpontzeko Ertzaintzara deitzeak beste ezaugarri bat ematen dio, jendeak desberdin ikusten du. Begira bestela kalean, publikoan egiten diren atxiloketak; zer sortzen du horrek? Alarma gizartean.

Zer egin beharko litzateke gure tutoretzapean dauden adingabeko hauen guztien eskubideak errespetatzeko?

Lehenik adingabekoak eta gizartearen etorkizuna direla onartzea. Legez babestuta daudela, eta adingabekoek eskubide guztiak dituztela, hemen jaioa izan edo ez. Hemengo haurrak zaintzen diren bezala zaindu behar dira, aurrera ateratzeko aukerak eskainiz, bide hori erraztuz. Eurek oso argi esaten dute hona lan egitera etorri direla eta hartarako prestatu egin behar direla lehenik; hori erraztu behar da. Normal sentiaraztetik hasi behar dugu, eta eurek ekarri duten lan egiteko eta gizarte honen parte sentitzeko proiektua indartu.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)