Leihatila
Datorkiguna
Berria, , 21-11-2007Inoiz ez da sasoi ona agiririk gabeko pertsona immigranteentzat, baina aurrerantzean datorkiguna bereziki txarra izango da. Tramite bidean da immigrazio isilpekoaren aurkako Neurrien Lege Organikoaren inguruko Proposamena; Espainiako Senatuaren onespena bereganatu du dagoeneko, Koalizio Kanariarraren, Alderdi Popularraren eta EAJren aldeko botoekin. Eta, behin Kongresuan onartzen dutelarik, ekimen horrek zeharo gogortuko du Atzerritarren Legea. Batetik, atzerritarren gaian espezializaturiko epaitegiak sortzea proposatzen du, «epaitegietako eta auzitegietako langileak ez baitira aski immigranteen etorrera etengabea bideratzeko, edozein prebisio gaitasunen gaindik geratu izaki haien kopuru neurrigabea». Eta, bestetik,«epaitegietako eta auzitegietako eguneroko lana ez dadin geratu aldian aldiko immigrazio oldarraldi samaldakakoen mende, haiei erantzuteko inolako ahalbiderik gabe», eta azkenean ez daitezen ibili «immigranteen etorrera kontrolik gabekoa» hizpide hartuta. Hala ere, eta Intermonen txostenak Itsasaldeko ateak. Zergatik izan beharko lukeen guztion interesekoa migrazio politika bidezkoago eta argiago batek delakoak hainbat datu interesgarri ematen ditu mugen kontrol sistemak eragiten dizkiguten kostuei buruz: besteak beste, mugak zaintzeko itsasontzi eta hegazkin parea, 3.700 euro orduko; eta 20 milioi euro 2006an, Melillako hesiaren hirugarren fasean bakarrik. Beraz, kopuru horiek eta immigranteak sartzera bideraturiko ahalegin teknologiko eta militar guztia ez datoz bat lege proposamen horren argudioekin, atzerritarrentzako epaitegiak sortzea proposatzen baitu balizko etorrera samaldakako eta kontrolik gabekoak aintzakotzat harturik. Edo sistemak huts egiten du, nabarmen-nabarmen, edo gizartean alarma eragin nahi du estilorik eskandalagarrienean, eta erreforma zuritzearren. Lege proposamenak beste neurri bat ere jasotzen du: legezkotasunik gabeko atzerritarrei eragotzi egingo dietela udal erroldetan izena ematea. Dio, halaber, larrialdietako osasun laguntza izateko eskubidea bakarrik izango dutela halako egoeran daudenek. Neurri hori bereziki larria da, milaka laguni ukatu egingo dizkielako udal erroldan izena emateagatik bakarrik izan ditzaketen eskubide oinarrizkoak: hezkuntza, osasun laguntza, etxebizitza, gizarte laguntzak eta beste hainbat kontu oinarritzat dituztenak. Eta hori gutxi izango balitz bezala, ukatu egiten die beren egoera sustraitze arrazoiak direla bide araupetzeko ahalbidea; azken erreformen ondorioz, lehendik hemen zeuden immigrante agiririk gabekoek horixe zuten modu bakarra beren agiri egoera nolabait arautu ahal izateko. Erreformaren ostean, lege proposamen hori behin betiko onartuz gero, giza arrazoiak eta justiziarekin elkarlanean aritu izana arrazoibide gisa erabilita bakarrik lortu ahal izango lukete egoitza baimen behin-behinekoa. Immigrazioaren kontrako neurrien erreforma proiektua esaten badiote ere, argi eta garbi dago areagotu baino ez duela egingo isilpekotasuna, horrek berekin dakarren guztiarekin. Erreformaren larria dela-eta, bada, eta eskubide oinarrizkoei erasango dienez gero, adi-adi kasu egin behar diogu gaiari, ea onartzen duten edo ez, gero haren aurkako nahiz hura zilegi egin duten boto-emaileen aurkako erantzun biribila antolatu ahal izateko gizartean.
(Puede haber caducado)