Jira
Tabernan
Berria, , 20-11-2007Gran Viatik ezkerretara jiratu eta bioi izoztu zitzaigun pausoa, segundo bat, keinua aldatu gabe jarraitu genuen, keinua ez aldatzeak adierazten duenarekin. Monteran behera polizien begirada bazter guztietan, armen iluntasuna, metroko ilaran iritsi berriei arropa begiratuz, «documentación», eta Sol-en, zirkuluan, minez, haserre kartelak, oihuak, hamasei urteko gazte baten heriotzari nola erantzun asmatu nahian.
Pausoa dardarati hainbeste uniformeren eraginez, Malasañan zehar gero, duela egun batzuk Fuencarral kaleko eskaparateak apurturik esnatu zirenekoa gogoan, «etorriko dira gaur?», eta poliziari baino beldur handiagoa genien beste batzuk bazirela deskubritu genuen; galdetzen genion geure buruari ea ez den polizia gehiago beharko, ea zenbat izan zitezkeen gorroto eskuindarraren besoak oraingoan; eta burua astintzen genuen pentsamendua burutik egozteko. Polizia gehiago inoiz ez da neurri ona izan.
Meza odolezko «Valle de Los Caidosen» gorrotozko minoria frustratuak, Primo de Rivera eta Francori gorazarre, negar egiteko. Gutxik min handia egin dezakete, ordea. «Lasai, taberna batean ez zaigu ezer gertatuko. Eta gehiengoa izango gara, gainera». Mozkortu egin nintzenez, ondoriorik atera gabe nago oraindik, baina beldurturik jarraitzen dut.
(Puede haber caducado)