Gosez, egarriz eta hotzez hil dira 47 immigrante Mauritaniako kostaldean

Ontzian zihoazen 92 lagun onik atera dituzte erreskate taldeek; etorkinek 19 egun zeramatzaten galduta

Berria, erredakzioa, 07-11-2007

Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak ziren gehienak, eta bizimodu hobearen bila zihoazen guztiak, baina bidean heriotza aurkitu zuten. Kanaria uharteetara zihoazen, baina 19 egun zeramatzaten galduta. Denbora horretan txalupa berean zihoazen 47 lagun hil egin ziren, hotzaren, gosearen eta egarriaren ondorioz. Itsasora bota zituzten guztiak, eta han aurkitu zituzten erreskate taldeek, atzo.

Mauritania eta Mendebaldeko Sahara arteko kostaldean zeuden txalupa hondoratu zitzaienean. Nuadhibuko erreskate taldeek jaso zuten ezbeharraren berri eta ontzian zihoazen 92 bidaiari onik ateratzea lortu zuten. Beste 47en gorpuak ondoren aurkitu zituzten, uretan. Mauritaniako iturriek jakinarazi dutenez, lau lagun Nuadhibuko erietxera eraman behar izan dituzte, eta haietako bi bertan hil dira. Besteak hiriko atxilotze gune batean daude beren herrialdeetara bidaliko dituen hegazkinaren zain. Deportatzeak ahalik eta epe motzenean egingo dituztela iragarri dute Gobernuko iturriek.

Etorkin gehienak senegaldarrak diren arren, tartean badira beste herrialde batzuetakoak ere. Besteak beste, Mali eta Ganbiakoak. Saharaz hegoaldeko herrietako immigrante askok aukeratzen dute bide hori Europan sartzeko, baina horietatik gehienak harrapatu egiten dituzte, edo bidean geratzen dira. Bai Europako Batasunak eta baita Mauritaniak ere neurriak hartu dituzte paperik gabeko immigrazioa eta hortaz bizi diren trafikatzaileak gelditzeko, baina oraingoz behintzat, ez dute helburua lortu.

BIGARRENA DENBORA GUTXIAN. Denbora gutxian gertatzen den halako bigarren istripua da hau. Duela aste bat inguru, Espainiako Tiburon II arrantzontziak zazpi etorkinen gorpuak aurkitu zituen, Senegalgo kostaldetik 300 bat miliatara. Txalupa berean zihoan beste lagun baten arabera, 54 pertsona zihoazen ontzian. Baina lerro hauek idazteko unean oraindik ez zegoen txalupan zihoazen beste 46 pertsonen berririk.

Bizirik ateratako bidaiariak azaldu zuenez, haiek ere hogei bat egun zeramatzaten itsasoan, noraezean, eta jateko nahiz edateko ezer gabe. Hildako kideen gorpuak uretara bota zituzten, txalupak zeraman zama arintzeko. Orotara 350 etorkin hil dira aurten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)