Goierriko lore eta koloreak
Immigrazioaren fenomenoa landuko du Goierri Kolore egitasmoak, azaroaren 10a bitartean
Berria, , 26-10-2007Goierriko (Gipuzkoa) gizartean bereziki eragiteko gai zehatz bat, bere adar ugariekin, aukeratu dute aurten Goierri Kolore egitasmoa egiteko: immigrazioa. Goierriko behealdeko zenbait gizarte eragilek eta erakundek elkarlanean osatu dute egitasmoa, aurreko urteetan Sustraiez Blai kultur elkarteak garatu duen ekimenari jarraipena emanez. Goieki agentzia, Sustraiez Blai elkartea, D’elikatuz elikadura eta gastronomia zentroa eta Goierriko Gurutze Gorria aritu dira egitaraua lantzen, eskualdeko etorkinen kolektiboekin, elkarte gastronomikoekin, arte munduko eragileekin, hedabideekin eta beste hainbatekin batera.
Agenda 21eko arlo sozialean sortu zen gaurtik aurrera gorpuztuko den proiektua. Goierriko zenbait behar aztertu zituzten, eta azkenean lehentasuna immigrazioaren gaiari ematea erabaki zuten. Ondorioz, Goiekiren barruan, immigrazio teknikariaren figura ere sortu zuten; Ainara Ormaetxea Harto da teknikaria.
«Immigrazioaren tokiko plana lantzen ari ginela, Goierrin kultur arteko topaketa bat antolatzea oso garrantzitsua izango zela ikusi genuen, goierritar orori immigrazioaren fenomenoa hainbat ikuspegitatik zabaldu eta eskaini ahal izateko», azaldu du Ormaetxeak.
Goierri Kolore proiektuaren helburua kultura desberdinetako pertsonen artean elkar ezagutzeko espazioak sortzea da. Horretarako, baliabide ugari eta askotarikoak erabili dituzte: hitzaldiak, sukaldaritza ikastaroak, adierazpen artistikoa, musika, film emanaldia… «Gure ustez, komunikazioa egoteko, lehenik elkar ezagutu egin behar dugu, eta ezjakintasuna eta elkarri diogun beldurra, konfiantza falta eta abarrak kentzeko, elkar ezagutzea ezin bestekoa da».
Topaguneak edo ezagutzeko biltokiak sortzeko, eskualdean dauden baliabideak aprobetxatzea ezinbestekoa iruditu eta horretan oinarritu da Goierri Kolore. «Beraz, eragileei edo entitateei elkarlanean aritzeko proposamena egin genien: Sustraiez Blai, D’elikatuz, adierazpen artistikoa… bateratuz».
GOIERRI KOLORE. Goierri Kolorek Goierriko kultura aniztasuna esan nahi du, jatorri eta kolore desberdineko pertsonen komunikazioa, bizikidetza. «Hitz horrek jokoa ematen du: Goierriko lore, herri kolore… Zentzu positiboa du, lore bat beti da zerbait polita. Bestalde, logoa ikusten duzunean, kolore ugari ikusten dituzu hasiera batean, eta horrek ematen dizu arreta. Etorkinek, kalean ikusten ditugunean, hasiera batean, koloreak bezala, atentzioa ematen digute, baina kolore horren atzean dagoen lorea ikusteko, askotan ez gara gai». Horretarako antolatu dute topaketa, elkar ezagutzeko eta bakoitzaren bihotza bilatzeko.
«Parte hartu duten etorkinei eskerrak eman nahi dizkiegu. Ekintza gehienak beraiek parte hartu hartu dutelako egin ahal izan direlako», azaldu du Ormaetxeak.
eGITaraua
Hitzaldia
Izenburua. Migrazio fenomenoa mundu globalizatuan.
Eguna. Gaur.
Herria. Lazkao.
Tokia. Udaletxeko batzar aretoan.
Ordua. 18:30ean.
Hizlaria. Cristina Blanco (EHUko irakaslea).
Garraio publikoa. Autobus linea: L2A.
Kantu afaria
Eguna. Gaur.
Herria. Ordizia.
Tokia. Plaza Nagusia.
Ordua. 20:00etan afaria eta 22:00etan Bertso Rap Sound System.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2A, L2B, L3.
Sukaldaritza ikastaroa
Gaia. Marokoko sukaldaritza.
Eguna. Urriaren 27a, larunbata.
Herria. Ordizia.
Tokia. Aldapaberri elkartea (Goierri kalea, P – 21).
Ordua. 10:30ean.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2A, L2B, L3.
Ikus – entzunezkoa
Izenburua. Goierri Kolore adierazpen artistikoa.
Eguna. Urriaren 27a, larunbata.
Herria. Ordizia.
Tokia. Barrena kultur etxea.
Ordua. 18:30ean.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2A, L2B, L3.
Sukaldaritza
Gaia. Errumaniako sukaldea.
Eguna. Urriaren 29a, astelehena.
Herria. Beasain.
Tokia. Bareak elkartea (Oriamendi 15 behea).
Ordua. 15:30ean.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2A, L2B, L3.
Kontakizunak
Izenburua. Bizi istorioen kontaketak.
Eguna. Urriaren 29a, astelehena.
Herria. Beasain.
Tokia. Udaletxeko batzar aretoa.
Ordua. 19:00etan.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2A, L2B, L3.
Sukaldaritza
Gaia. Ekuadorko sukaldaritza.
Eguna. Urriaren 30a, asteartea.
Herria. Idiazabal.
Tokia. Arretxe elkartea (Kale Nagusia, 48).
Ordua. 15:30ean.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2A.
Solasaldia
Gaia. Goierri Telebistako Hitz bitan saioan Kahadim Fall senegaldarra eta Marina Paglialunga argentinarra, immigrazio fenomenoari buruz.
Eguna. Urriaren 30a, asteartea.
Katea. Goierri Telebista.
Ordua. 22:00etan.
Mahai – ingurua
Gaia. Immigrazioa.
Eguna. Urriaren 30a, asteartea.
Herria. Idiazabal.
Tokia. Pilarrenea.
Ordua. 18:30ean.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2B.
Zinema
Izenburua. Cruzando el puente. Los sonidos de Estambul.
Eguna. Azaroaren 6a, asteartea.
Herria. Beasain.
Tokia. Usurbe antzokia.
Ordua. 21:00etan.
Garraio publikoa. Autobus lineak: L1, L2A, L2B.
Kontzertua
Gaia. Sustraiez Blairen jaialdi nagusia.
Eguna. Azaroaren 10a, larunbata.
Herria. Zaldibia.
Tokia. Herri Antzokia.
Ordua. 22:30ean.
Garraio publikoa. Autobus bereziak jarri dituzte joan – etorrirako.
(Puede haber caducado)