Tren galduak

Berria, Amagoia Iban, 26-10-2007

Bartzelonan trenak beti berandu heltzen direla egia izango da, azkenean. Arrazakeriaren aurkakoa, esate baterako, berandu eta behar ez den geltokira heltzen hasia da han. Baita hemen ere. Mutilak neska gaztea jipoitu eta iraindu duelako, kanpotarra izate hutsagatik. Bideoa dago, gainera, guztia frogatzeko; eta, bide batez, teleikusleen kopurua handitzeko. Han doaz saldoka kazetariak, beraz, irudi berri bila. Zigorra eskatzen dute, ahalik eta gogorrena. Arrazakeriaren trena ziega batean – edo DVD batean – kabitzen zaie, hipokrisiaren gurdiari tiratzeko bada.

Joan den apirilean ere filmatu zelako Bartzelonan beste bideo bat. Ekuadortarra ez, errusiarra zen orduko protagonista, iraindu, sexualki umiliatu eta kolpatu egiten zuten kamera ezkutuen aurrean. Erasotzaileak uniformatuak ziren, eta, azken ñimiñokeria horregatik edo, hedabideek ez zuten eskandalu giro berezirik sorrarazi. Poliziek jotzen dutenean, antza, kolpeek ez dute hainbeste min ematen.

Kolpe uniformatuen ezaugarri berezi horri buruz badakigu zerbait inguruotan, bai. Baita polizia arrazistez ere. Iruñeko udaltzainek, esaterako, salaketa ugari jaso dituzte etorkinak eta ijitoak jipoitzeagatik. Inork ez du albistegirik ireki horregatik. Bideorik ez dagoelako, noski. Tren hori ere joana da. Eta ez Bartzelonara.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)