Zazpi etorkin hilotz aurkitu ditu Senegal parean arrantzontzi batek, eta 46 galduta daude

Etorkin batek lortu du bizirik irautea, eta bidaiak iraun bitartean janari eta edari gabe egon direla azaldu du

Berria, naiara arteaga, 26-10-2007

Espainiako Tiburon III arrantzontziak zazpi etorkin hilotz jaso ditu Senegalgo kostatik 300 miliatara; beste 46 desagertuta daude. Atzo goizean aurkitu zuten etorkinak zeramatzan ontzia, eta bertatik lagun bat bizirik ateratzea lortu zuten. Hark jakinarazi duenez, gutxienez 54 etorkin zeuden bertan. Datu horrek eraman ditu erreskate taldeak, 46 pertsona itsasoan galduta daudela ondorioztatzera.

Bizirik atera den lagunak aditzera eman duenez, hogei egun zeramatzaten itsasoan, eta janari eta edari gabe egon ziren egun horietan. Lagunak hiltzen zihoazen heinean,ontzitik bota egiten zituzten. Bidaiaren gogortasuna erakusten duten datuak eman ditu etorkin honek; berak, esaterako, bidaiako azken zortzi egunak ontzian zazpi hilotz zituztela egin zituen.

Bidaian arazo handiak izan zituztela azaldu du, motorra hautsi egin zela, eta noraezean ibili zirela une horretatik aurrera. Ontzia Mauritaniako herri batetatik atera zen .

Espainiako arrantzaleek ontzia aurkitu zutenean, hondoratzen hasia zegoen, eta horregatik etorkinak jaso eta Kanariar Uharteetako Esperanza del Mar ontzira – – ospitalea ere bada – – eraman zituzten berehala. Bizirik dagoen laguna oso ahul zegoen goizean aurkitu zutenean, baina jasotako zaintzekin arratsalderako osatu egin zen.

ETORKIN GEHIAGO. Etorkinez betetako beste ontzi batzuk ere hurbildu ziren atzo Kanariar Uharteetara. 75 etorkin zituen ontzi bat harrapatu zuten, esaterako, Mauritaniako Nuadibu herritik ateratzen ari zen bitartean. Bertan zihoazen etorkin gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak zirela azaldu dute.

Etorkin horien atxiloketarekin guztira, aste honetan, Saharaz hegoaldeko 275 etorkin atxilotu dituzte Kanariar Uharteetara hurbiltzeko ahaleginetan ari zirenean. Mauritaniako eta Espainiako gobernuen jarduera komunaren ondorio izan dira atxiloketa horiek; hain justu, joan den astean mafien jarduna saiheste aldera sinatu zituzten elkarlanerako akordioen emaitza.

Kanariar Uharteetan, Tenerifera 116 etorkinez betetako itsasontzia iritsi zen atzo arratsaldean. Etorkinen artean sei adin txikiko daudela jakinarazi dute harrera egin dieten zerbitzuetako ordezkariek. Peter Pan ontziak – – izurde eta baleak begiztatzeko prestatuta dago – – Tenerifeko portu inguruan zegoenean ikusi zuen etorkinen ontzia eta itsas salbamenduko ordezkariei eman zien abisua. Itsasontzi handi batekin jaso zuten ontzia eta Ameriketako Hondartza izeneko polizia etxera eraman zituzten bertan zeuden etorkin guztiak. Han deklarazioa hartzeko asmoa zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)