Paperik gabeko langile etorkinak esplotatzea leporatu diote Sestaoko enpresa bati

Espainiako Poliziak atxilotu egin ditu bost langile, eta enpresaburuari deklarazioa hartu diote

Berria, , 25-10-2007

ERREDAKZIOA

Bilbo

Sestaoko Decoval SM pintura enpresari (Bizkaia) langileak esplotatu izana leporatu diote. Espainiako Poliziak egiaztatu ahal izan duenez, paperik gabeko hainbat langile zeuden enpresan. Horietatik gutxienez bost atxilotu egin dituzte. Kolonbiar jatorrikoak ziren guztiak.

CCOOk salaketa jarri ondoren, Lan Ikuskaritza Saila eta Espainiako Polizia enpresara bertaratu ziren. Joan den astelehenean izan zen hori, goizeko lehen orduan. Enpresaren saltoki ondoan dagoen lokal batean hamar langile inguru topatu zituzten. Horietatik inork ez zuen lan kontraturik, batzuek ezta dokumentaziorik ere, eta atxilotu egin zituzten. Enpresaburua lantokian bertan zegoen atxiloketak eman ziren unean, eta herenegun deklarazioa hartu zioten, nahiz eta ez duten atxilotu.

CCOOk langileek behar baino 1.000 euro gutxiago irabazten zutela salatu du. Hilean 1.110 euro inguru jasotzen zituzten. Sindikatuaren arabera, ordea, egunean zortzi ordu lan eginda 1.763,37 euro irabazi beharko lituzkete. Alabaina, egunean bederatzi ordu lan egiten zituzten; beraz, 2.071,57 euroko soldata eduki behar luketela dio sindikatuak. Enpresak, langileei Gizarte Segurantzan izenik eman ez zienez, hilean %30 aurrezten zuen.

«Langile etorkinek bihotzik ez duten enpresaburuen esplotazioa jasan behar izaten dute», adierazi du CCOOk. Hala, astelehenean atxilotutako lagunak euren herrialdetara bidal ez ditzaten, agintariekin hitz egiten saiatuko dela esan dio.

Urtea hasi zenetik antzeko beste hainbat kasu egon dira Euskal Herrian. Abuztuan, kasu, Mungiako ugazaba bat atxilotu zuten (Bizkaia), Bolivia eta Paraguaiko lau langile legez kanpo edukitzeagatik. Maiatzean, Olaztiko enpresaburu bat lan esplotazio delitua leporatu zioten (Nafarroa). Haren enpresan, sei langile atzeman zituzten gordeleku txiki batean ezkutatuta. Antza, lan kontraturik ez zuten eta lanaldi izugarri luzeak egin bete behar izan zituzten. Hil berean, Bilbon, beste lagun bat atxilotu zuten. Derioko eta Galdakaoko lantoki banatan (Bizkaia) Kolonbiako, Venezuelako eta Ekuadorreko beharginak kontraturik gabe eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe edukitzea egotzi zioten.

ZenBaKIa

971

Jaso beharrekoa. CCOO sindikatuaren arabera, langileek behar baino 971,57 euro gutxiago jasotzen zuten. Euren soldata, hilean 1.110 eurokoa zen. Alabaina, egindako lanorduak kontuan hartuta, 2.071,57 euro jaso beharko lituzketela dio.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)