Euskal gizartearen pertzepzioak

Berria, 20-10-2007

Leihatila

Cristina Berlanga

Euskal herritarrek ez dute arazo gisa hautematen pertsona immigranteen etorrera. Ondorio horretara iritsi da, besteak beste, berriki aurkeztu duten ikerlan bat. Horko datuen arabera, immigrazioa ez da ageri inkestaturiko pertsonen kezkarik garrantzitsuenen artean. Hala eta guztiz ere, ikerlan horretako datu begien bistakoek agerian uzten dute euskal gizarteak ere beste edozein gizartek bezalako errezelo susmagarriez dakusala immigrazioaren kontua, ikusmolde asimilazionista eta utilitarista kezkagarriak izateraino. Inkestaturikoen %83k uste dute bertako jendearen ohiturak bereganatzen ahalegindu beharko luketela immigranteek; era berean, immigranteen etorreraren alde ageri dira, baldin eta lan kontratu bat badute. Datuek erakusten dute, halaber, delinkuentzia eta immigrazioa uztartzen dituzten mezuek badituztela hartzaileak; %54k uste baitute herritarren segurtasunaren kalterako izan dela immigranteen etorrera. Lehenbiziko barometro horren emaitzak zeharo adierazgarriak dira, baina, hartu ohi dugun jarrera ideologikoari dagokionez. Diskurtso neoliberalak ondo errotu ditu bere sustraiak gizarte honetan, zeinak natural – natural onartzen baititu merkatuko erregela gupidagabeak. Erregela horiek direla – eta aditzera ematen du inkestaturikoen ehuneko handi batek ongi dagoela biztanle immigrante horiek betetzea bertako jendeak nahi ez dituen lanpostuak, baldin eta ez badute onura gehiegizkorik ateratzen gizarteko babes sistematik. Sistema hori likidazio egoeran baitago aspaldidanik: norbanako guztientzako gizarte eskubideei buruzko diskurtso erabatekoa zena lehen, baliabide publiko gero eta urriagoen atzetiko lehia basati bihurtu da orain. Inkestaturikoen %64,9k argi daukate: alegia, immigranteen etorrera kaltegarriagoa da pobreentzat aberatsentzat baino.

Barometroak arazo nagusitzat jotzen du etxebizitza. Horren inguruan, gizarte borroka berean bat egin beharko genuke, bizimodu duin bat izateko eskubide oinarrizkoaren bermea galdatu ahal izateko; baina, horren ordez, sentipen nazionala azaleratzen zaigu, eta soilik %15,2k onartu dute pertsona immigrante horiek ere bertako biztanleek adinako eskubidea dutela BOE Babes Ofizialeko Etxebizitza bat izateko. Gure gizarte eskubideak etengabe merkaturatzen ari direnez gero eta interes publikoaz ez bestelako interes motez arduratzen diren politika moldeak ditugunez gero, onartu egiten dugu gizarte eskubideak murriztu dakizkiekeela. Modu arriskutsuan bada ere, gero eta jarrera baztertzaileagoak hartzen ditugu, eta jarrera horiek darabiltzat berme gisa merkatu ekonomien dinamikek, «salba zaitez, ahal izanez gero» neoliberalari jarraiki; eta, hala, gain behera etortzen ari dira hainbeste urtetako gizarte borroken ondorioz eskuratu ditugun lorpenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)