Ekintza gehiago, hitz gutxiago
Berria, , 18-10-2007Pobrezia Zero plataformako kidea
Desberdintasuna eta bidegabekeria nagusi dira mundu honetan. Biztanleen %10 planetako aberastasunaren %70aren jabe diren bitartean, 1.100 milioi lagun bizi dira egunean dolar batekin baino gutxiagorekin. Horrela, beraz, guztira, 2.700 milioi lagun bizi dira egunean bi dolarrekin baino gutxiagorekin eta horietatik %70 emakumeak dira.
Herri aberats eta pobreen arteko zuloa gero eta handiagoa egin da azken hamarkadetan. Nolanahi ere, zulo hori gurea bezalako gizarte garatuetan ere igartzen hasi da, non gero eta gehiago baitira bazterkerian eta estutasunean bizi direnak, eta honako hauek dira sektore mehatxatuenak: emakumeak, gazteak eta adinekoak.
Honela, Europar Batasun aberatsetik atera gabe, pobrezian eta gizartean baztertuta bizi diren 68 milioi pertsona daude. Mundu aberatsa deituriko mugetan, gure garaturiko gizarteetatik urruti uste genuen muturreko pobrezia gure eguneroko errealitatera txalupetan heltzen da, eta jadanik dagoen ezegonkortasunarekin nahasten da. Pobrezia, gaur egun, errealitate globala eta globalizatua da, han eta hemen.
Mundu honetan justifikatu ezinak dira pobrezia eta desberdintasuna. Ez dago aitzakiarik pobreziari aurre ez egiteko, batez ere jakinik ezaba dezakegula; hain zuzen ere, gure sistema politiko, ekonomiko eta sozial akastunen ondorio zuzena delako. Horrela, beraz, gure herrien harreman ekonomiko eta sozialak gidatzen dituen egungo sistema hau aldatzea eskatzen dugu.
Pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren kontrako borrokan konprometitzeko deialdia egin nahi diegu nazioarteko erakundeei, nazioko eta tokiko gobernuei eta, oro har, gizarteari. Ildo horretatik, gutxienez neurri hauek bete daitezela eskatzen dugu:
- Garapenerako Laguntza Ofizial gehiago eta hobea, hau da, lehentasuna ematea oinarrizko gizarte sektoreei, BPGaren %0,7ko konpromisora heldu arte, betiere merkataritza interesetatik kanpo eta Milurtekoaren helburuekin bat etorriz.
- Koherentzia handiagoa gure gobernu politiken artean, politika guztiak pobrezia ezabatzera bidera daitezen, politika sozialek politika ekonomikoen garrantzi bera izan dezaten eta azken hauek garapen sozial iraunkorrarekin bat egin dezaten.
- Politika fiskalaren eginkizuna berrestea eta gastu publikoa desberdintasunak gainditzera eta gizarte kohesioa indartzera bideratzea.
- Ordaindu ezineko zorra kitatzea: herri aberatsek, Munduko Bankuak eta NDFk herri pobreenen zorraren %100 kitatu behar dute.
- Nazioarteko merkataritzaren arauak aldatzea, oraingoak herri aberatsen eta enpresa transnazionalen aldekoak direlako.
- Zerbitzu publikoak, liberalizazio eta pribatizaziotik babestea, pertsonen oinarrizko eskubideak ziurtatze aldera, hala nola behar bezalako osasun zerbitzuak, kultura, hezkuntza eta abar izatea.
- Teknologiaren abantailez balia ezin daitezkeen herrialde eta sektore sozialei teknologiarako sarbidea eskaintzea.
- Laguntza gehiago eta hobea gizonen eta emakumeen arteko diskriminazioa gainditzeko, gure gizarteetako bazterkeria eta pobreziaren arrazoi nagusietako bat baita.
- Giza laguntza eraginkorra eskaintzea etorkinei, eta arrazakeria eta xenofobiaren kontra borrokatzea.
- Babes sozialeko politikek, enplegu politika aktiboen osagarri direnek, gutxieneko errentak berma ditzatela, pertsona oro duintasunez bizi dadin.
- Demokrazia parte – hartzailean oinarrituriko proposamenak indartzea eta desberdintasunak jasaten dituzten herri, talde sozial eta pertsonak politika ororen subjektu aktibo izan daitezela.
Pobrezia ezaba daitekeela dakigulako, hori egiteko borondate politikoa badago, hiritar gisa presioa egin dezagun: urriaren 20an, larunbatarekin, arratsaldeko 17:00etan manifestazioa Donostiako Bulebarrean.
Ez dago aitzakiarik… Pobreziari aurpegia eman!
Pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren kontrako borrokan konprometitzeko deialdia egin nahi diegu nazioarteko erakundeei, nazioko eta tokiko gobernuei eta, oro har, gizarteari
(Puede haber caducado)