'Apartheid'-ik gabeko kemena
Beltzak gutxiengo dira Hegoafrikako selekzioan oraindik, baina daudenek eta datozenek iraganeko kontu bilakatu dute arrazakeria.
Berria, , 17-10-2007A. urbistondo
Donostia
20 urte atzera egin eta egoera zein zen ikusi eta egun zein den ikusiz gero, bakarren bat erotu egingo litzateke Hegoafrikan. Bakarren bat edo ale batzuk. Edo 20 milioi ale. Hegoafrikan egun bizi diren beltzen kopurua, hain zuzen ere. Hegoafrikako errugbi selekzioak sekulako eraldaketa izan du 1992. urtean hasi eta azken 15 urtetan. Urte hartan indarrean zen, artean, Hegoafrikako selekzioek nazioartean lehiatzeko zeukaten debekua, apartheid-a edo arrazakeria indarrean zutelako.
Kirol kontuetan ere isla zeukan politika hark. Beltzek ezin zuten errugbiko selekzioan jokatu, eta springboks selekzioko kideak zirenek ere ez zuten egoera aldatzen laguntzen. Geo Cronje jokalaria selekziotik kanporatu zuten, beltz batekin lo egiteari uko egin ziolako. 1995ean lehen Munduko Txapelketan parte hartu zuen Hegoafrikak, eta txapela lortu. Chester Williams ezaguna zen talde hartako jokalari beltz ezagunena, eta urte batzuk geroago idatzi zuen autobiografian arrazakeria kontu mordoa haizatu zuen.
Selekzio hartan jokalari beltz gehiago zeuden: Pailse, Sephaka, Conradie eta Jacobs. 1992. urteaz geroztik, springboksen jaka jantzi duten 144 jokalarietatik 15 beltzak dira, eta etzidamu Munduko Kopako finala jokatuko duen selekzioan sei daude. Brian Habana eta J. P. Pietersen dira ezagunenak, baina taldeko kide dira Julies, Ndungane, Willense eta Jaunarie ere. Hilabete batzuk atzera, Hegoafrikako selekzioko kapitain izendatu zuten Chiliboy Ralepelle, ohore hori izan zuen lehen jokalari beltza.
Etorkizunean gora egingo du nabarmen kopuru horrek. Egun Hegoafrikan errugbian jokatzeko ateratzen diren bost lizentzietatik bi jokalari beltzek ateratakoak dira, eta Habana eta Pietersen Percy Montgomery, Forey Du Preez eta François Steyn bezain ezagunak dira.
Nelson Mandela beltzen lider historikoak bi arrazek osatutako gizarte eta errugbi selekzio eredugarriekin egin zuen amets. Amets hori bidea egiten ari da, pixkanaka. Ez Mandelak berak nahiko lukeen bezain azkar, baina badoa, eta ez da gutxi. Afrikanerren himnoa ere aldatu zuten. Die Stem ohikoa eta Nkosi Sikeleli Afrika abesti bantua nahastu zituzten, himno berria sortzeko (Jainkoak Afrika bedeinka dezala). Hegoafrikako bost hizkuntzak arrazakeria betiko baztertzeko.
(Puede haber caducado)