(Des)Berdinak
Berria, , 16-10-2007Duela hiru urte, Estatu Frantsesean debekatu zuten eskola publikoetan ikur erlijiosoak erabiltzea – batik bat neskato musulmanek zapia eraman ez zezaten bilatzen zuen legeak – . Estatuaren laikotasuna izan zen debekuaren oinarri nagusia. Baina afera urte batzuk lehenago hasi zen. Izan ere, 1989an hiru neskatori – Fatima, Leila eta Samina – debekatu zieten burua zapiarekin estalita eskolara joatea. Nesken familiarena ekintza politiko eta kontzientea zela ulertu zuten agintariek, desafiozkoa.
Estatu Espainiarrean egoera malguagoa da, eta zenbait ikastetxetan baimena eman zaie haur musulmanei zapia eramateko eskolara, gailendu delako haiek eskolatzeko eskubidea beste arau batzuen gainetik.
Egia esan, tarteka hedabideetan tokia hartzen duen gaia da zapiarena. Batzuek jazarpen elementu gisa ikusten dute, emakumeak zokoratzeko elementu gisa alegia; besteek, ordea, arrotza den gizarte batean norberaren identitatea gordetzeko heldulekua dela ulertzen dute. Eztabaida amaigabea da. Nolanahi ere, berriki ezagutu dudan neskato baten hitzak iruditu zaizkit bereziki adierazgarriak. Neskatoa kexu zen ikaskideek irri egiten ziotelako zapia eramateagatik. Maiz desberdina denaren baitan jartzen dugu arreta guztia, eta ahaztu egiten zaigu garrantzitsua ere badela ingurukoei ikusaraztea desberdina den hori berdina dela halaber.
(Puede haber caducado)