Mila adingabe inguru gurasoen babesik gabe bizi dira Gipuzkoan, Araba eta Bizkaian
Nerabeez arduratzen diren eragileen prestakuntza hobetzeko hitzarmena egin dute Jaurlaritzak eta EHUk
Berria, , 16-10-2007Donostia
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban mila adingabe inguru daude babesik gabe, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazok jakinarazi duenez. Gurasoak galdu dituztelako, sendiak albo batera utzi dituelako edo aita – amak haien kargu egin ezin daitezkeelako daude egoera horretan. Gurasoek ezin dute seme – alaben heziketa bere gain hartu gaixorik daudelako, tratu txarrak eman dizkietelako edo espetxean zigorra betetzen ari direlako.
Lurraldez lurralde, Bizkaian 581 adingabe hartu zituzten iaz adingabeentzako egoitzetan. Horietatik 262 familiarik gabeko atzerritarrak ziren. Orotara, 37 egoitza daude adingabeentzat Bizkaian, eta 11 kanpotarrentzat dira. Madrazok azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan babesik gabe dauden adingabeen laurdenak sendirik ez duten kanpotarrak dira. Bizkaia bakarrik hartuta, nabarmenagoa da haien garrantzia. Izan ere, horrela daudenen erdiak dira atzerritarrak. Carmen Vicioso Eusko Jaurlaritzako Ongizate zuzendariak argitu du azken urteotan bikoiztu egin dela kopurua.
Gipuzkoan, zortzi egoitza daude babes gabezia jasaten duten haur eta nerabeentzat. Iaz 236 adingabe hartu zituzten, eta, plazaraturiko datuen arabera, 100 familia inguru gabeko atzerritarrak izan ziren. Araban 286 adingaberi egin zieten harrera 2006. urtean, lurralde horretan dauden bederatzi egoitzetan. Kasu horretan atzerritarren presentzia txikiagoa da; hogei inguru dira, Jaurlaritzak esku artean dituen datuei jarraiki. Madrazoren hitzetan, «adingabe atzerritarrek arazo berezia dute, eta bereizirik aurre egitea eskatzen du».
GIZARTE ERAGILEEN HEZIKETA. Adingabeen arazoari irtenbidea bilatzeko, hitzarmena izenpetu dute Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak eta EHUko errektore Juan Ignazio Perezek. Adingabeez arduratzen diren gizarte eragileen prestakuntza hobetzea du helbururik behinena bi erakundeek atzo hitzeman zuten akordioak.
Cesar San Juan EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariordearen aburuz, profesionalen heziketan hutsunea dago. Gizarte langileak, psikologoak eta medikuak «aldakorra den errealitate batean» ari direla arrazoitu du, eta ikerketa falta dela. Ildo horretan, akordioari jarraiki, EHUk txosten psikosozialak, juridikoak eta kriminologikoak igorriko ditu aurrerantzean, babes gabezia duten adingabeen egoera hobeto ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzak orain arte hartutako neurrien eraginkortasuna aztertuko dute halaber.
Bi erakundeek lankidetzaren egokitasuna azpimarratu dute eta konpromiso batzuk hitzartu dituzte. EHUri dagokionez, jardunaldiak eta ikerketa lanak garatzeko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak esleituko dituela hitz eman du. Urtero osatuko duen txostenean egindako ekitaldien berri emango du horrela.
Eusko Jaurlaritzak bestalde, ekintzen garapena babestu eta errazteko ardura edukiko du eta Kriminologiaren Euskal Institutua (KREI) zentro laguntzaile gisa onartuko du egitasmoa burutzeko.
Denera 30.000 euro zuzenduko ditu urtero ekimena bideragarri egitera. Lehen ekitaldia Donostian izango da, KREIek profesionalentzat antolaturiko ikastaroan. Azaroaren 19tik 23ra izango da eta adingabekoen babes gabezia jorratuko dute ikuspegi ezberdinetatik. Zuzenbide sistema eta adingabeen eskubideak eta nerabeen psikopatologia, esaterako.
Horrez gain, lau estrategia mota landuko dituzte adingabeen egoera ezberdinaren arabera sailkatuta: tratu txarrak eta sexu abusuak pairatu dituztenak; sendirik ez duten atzerritarrak; drogak hartzen dituztenak; eta, nerabe oldarkorrak edo gatazka sortzen dutenak. 2008an ikastaroa EHUko eskaintzan sartzea aurreikusi dute.
(Puede haber caducado)