Etorkin adingabeentzat bederatzi zentro irekiko dituzte

Berria, erredakzioa, 13-10-2007

Donostia

Etorkin adingabeentzat bederatzi zentro prestatuko dituela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horietako bi urtea amaitu baino lehen irekitzea espero duela adierazi du, eta beste zazpi datorren urteko lehen seihilekoan. Gipuzkoako hainbat eskualdetan egongo direla ere adierazi du Aldundiak.

Geroz eta kanpotar adingabe gehiago iristen dira herrialdera. Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatuak emandako datuen arabera, urte hasieran 98 ziren Aldundiaren kargu zeuden haur eta gazteak. 2007ko lehenengo bederatzi hilabeteetan, beste 109 iritsi dira.

Etxanizen esanetan, orain arteko baliabideak ez dira nahikoak izan iritsi diren guztiak behar bezala hartzeko. «Adingabeek, gainera, geroz eta denbora gehiago ematen dute zentroetan». Duela hiru urte iristen ziren etorkinetatik %12 gelditzen ziren Gipuzkoan. Kopuru hori %50era hazi dela egun gaineratu zuen. Datu horiei aurre egin ahal izateko irekiko ditu Aldundiak adingabeentzako zentro berriak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)