Depresioa
Berria, , 10-10-2007Kamiseta beltza jantzi du berriz Marijok. Atzoko bera, herenegungoa. Ispiluan ahalik eta gutxien begiratzen saiatzen da azkenaldian. Ez du bere burua ikusten. Gaur ere ez du begiratu nahi izan. Badaki zurbil dagoela, orri zuria bezala. Eserita dago, hankak gurutzatuta. Aldizkari bat hartu du eskuetan eta orriak gainetik pasatu ditu keinu azkarrez, abanikoa balitz bezala. Airea falta zaio aspaldian. «Mente sana» irakurri du aldizkariaren portadan. Izkina batera botatzeko inpultsoa sartu zaio, baina hobeto pentsatuz erabilera taxuzkoa aterako dio haize – emailetzat. Medikuaren itxaron gelan, are estuago bilakatzen zaio bere aire burbuila.
Beste hamar minutu igaro dira, eta inor ez da atera itxarongelatik. Ez du aurrera edo albora begiratzeko adorerik, nahiago burua beherantz jarrita segi. Ez du, beraz, aldizkari inozoa zabaltzea beste aukerarik denbora – pasarako.
«Urriak 10: Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna», irakurri du artikulu batean. Kasualitatea. Lehen munduko gaixotasuna omen depresioa. Azkar batean pasa ditu orriak. Hurrengo artikuluan jarri du begia; «etorkizun hobearen itxaropenean datozen etorkinak». Itxaropen hitza murtxikatu du Marijok ahoan. Erreserban dauka aspaldi. Orain dela aste gutxi bere burua erre zuen errumaniarraz oroitu da bat – batean. Edo pateran etorri eta autobusean etxera bidaltzen dituzten subsahararren aurpegikera ilunaz. Ilusioarekin etorri eta itxaropenik gabe bueltatzen direla ebatzi du. Lehen mundutik, ez zeukaten gauza guztietatik bakar batekin bueltatzen direla.
(Puede haber caducado)