Etorkinei erroldatzea errazteko eskatu die EAEko Arartekoak udalei
Berria, , 09-10-2007Bilbo
«Herri guztiek herri mailako planak egin behar dituzte pertsona atzerritar guztiei erroldan sartzea ahalbidetzeko», esan zuen Iñigo Lamarca EAEko arartekoak atzo. EAEko Arartekoak azterketa bat aurkeztu zuen atzo Bilbon, erroldatzeak atzerritarren eskubideak gauzatzeko duen garrantziari eta ez erroldatzeak integratzeko eragiten dituen zailtasunei buruzkoa. Azterketa Jose Zarauzek egin du.
Zarauzek esan zuen ezinezkoa dela beren egoera arautu gabe duten etorkinen kopurua zehaztea. Pertsona horiek, beren egoera arautu gabe dutenez, zailtasun handiak dituzte bizi diren herrietan erroldatzeko. «Horrek gizarte bazterketa egoera oso larriak sortzen ditu», Zarauzen esanetan. «Eta pertsona horiek linbo juridiko batean uzten ditu, beren oinarrizko eskubideak onartzea uzten ez duena».
Norbera bizi den herrian erroldatzea pertsona guztien eskubidea dela nabarmendu zuen Zarauzek. Eta horrek administrazioei betebeharrak eragiten dizkiela: «Botere publiko guztien betebeharra da herri batean bizi diren pertsonei nortasun juridikoa ematea».
Izan ere, EAEko Arartekoak nabarmendu du erroldatzearen menpe daudela neurri handi batean hainbat eskubide gauzatzeko edo zerbitzu jasotzeko aukerak: osasuna, gizarte babeserako sistemak (oinarrizko errenta, gizarte larrialdietarako laguntzak), haurren hezkuntza eskubidea, etxebizitza arloko laguntzak edo egoera arautzeko zenbait urrats.
Atzerritarrek bi arazo nagusi izaten dituzte erroldatzeko: ez dutela agiririk edo ez daukatela nonbait erroldatu ahal izateko etxerik.
Zarauzek bi neurri proposatu zituen beren egoera arautu gabe duten atzerritarren erroldatzea errazteko. Alde batetik, atzeraeraginezko erroldatzea; hau da, atzerritarrak herri batean bizi direnetik erroldatutzat hartzea, ez beren eskaera onartzen denetik. Bestetik, «alegiazko gizarte erroldatzea»: herrian bizilekua dutela dutela egiaztatzeko zailtasunak dituzten pertsonak udal zerbitzuen edo beren arretarako gizarte zerbitzuen egoitzetan erroldatzea.
Zarauzek salatu zuen herri gehienek ez dutela inolako neurrik hartzen beren egoera arautu gabe duten atzerritarren erroldatzea konpontzeko.
Iñigo Lamarca EAEko arartekoak eskaera bat egin zien udalei: «Desiragarria litzateke udalek jokaera antzekoagoak izatea, araudiaren interpretazioak eta aplikazioak ezberdintasunak sortzen baititu. Interpretazioak atzerritarraren interesen ahalik eta aldekoena izan beharko luke».
(Puede haber caducado)