Bata beldurra, bestea zintzotasuna
Berria, , 30-09-2007‘PADRE NUESTRO’
Zuzendaria. Christopher Zalla
PAULO EIZAGIRRE
Immigrazioa gaur egungo aferarik garrantzitsuenetakoa da. Padre Nuestro filma immigrazioaren inguruko testigantza gordina da. Bi protagonista mexikarren gertaerak kontatzen ditu New Yorkeko hirian. Zuzendari eta gidoigilea Christopher Zalla da, eta lan horrekin aurtengo Sundance jaialdian garaile suertatu da. Hasteko, filma, ezeren gainetik, errealista da; miseria gorrian bizitzea tokatu zaienen errealitate krudela erakusten du.
Juan eta Pedro dira bi gazte horiek, eta oso izaera ezberdinekoak dira. Batek bizirauteko edozer gauza egingo du; besteari ez zaio ondo iruditzen besteak zapaldu behar dituenik bere egoera hobe dadin. Irtenbide gutxi dituzte, egia esateko.
Gizakiaren historia luzean beti egon dira bi motatako pertsonak: indartsuak eta ahulak. Oihana urbanizatu bada ere, gauzak ez dira asko aldatu. Biziraupena da, bere esentzia osoan. Indartsuenaren legeak dirau oraindik. Lehia ankerrak ez du ematen amaierarik izango duenik. Eta filma horren erakusgarri bikaina da, ez gehiago ez gutxiago. Zinemagileak helburua ezin hobeki bete du. Gizakiaren biziraupenaren ipuin amaigabea azaldu du, itxurak egitea ezinezko den munduan. Pobreziaren munduan, alegia. Bata beldurra da, bestea zintzotasuna. Beste behin ere, beldurrak irabazi du. Istorio tristea da, bai.
(Puede haber caducado)