Espainiako Poliziak polizia etxean etorkin bati eraso izana ikertzeko eskatu dute
Diru zorroa falta zitzaiola salatzera Iruñeko polizia etxera joan, atxilotu eta jo egin zutela dio SOS Arrazakeriak
Berria, , 29-09-2007edurne elizondo
Iruñea
«38 urte ditu; duela lau ezagutu nuen nik. Lagun aparta da. Gizon lasaia». Halaxe mintzatu da Silvia Fernandez A.J.I.-ri buruz. «Erabateko bidegabekeriatzat» jo du Fernandezek lagunari gertatu zaiona. Jatorriz afrikarra da A.J.I., eta Iruñean bizi da. Paperekin. 2005. urteko azaroaren 15ean Espainiako Poliziak Iruñean duen egoitza nagusira joan zen diru zorroa falta zitzaiola salatzera. Eta bera atxilotu zuten. SOS Arrazakeria eta Paperak Denontzat taldeek haren kontrako tratu txarrak salatu dituzte orain. Ikerketa eskatu dute, eta kamerak polizia etxeetan.
Diru zorroan zituen A.J.I.-k bere agiriak. «Horrek kezkatzen zuen; hainbeste kostata lortu zituen paperak galtzea», azpimarratu du Fernandezek. Poliziaren egoitzara salaketa jartzera joan zen, eta bera atxilotu zuten, desobedientzia nahiz erresistentzia delituak egotzita. Epailearen aurrera eraman aurretik, ordea, ospitalera joan behar izan zuen A.J.I.-k. Atzo azaldu zutenez, medikuen agiriek argi diote: traumatismoa kaskezurrean eta sabelaldean. Konortea galdu, eta goiti egin zuen.
A.J.I-k epailearen aurrean egin zuen kontakizunaren arabera, Espainiako Poliziaren polizia etxean bi kidek artatu zuten; emakume batek lehendabizi, gizon batek gero. Bigarren horrek, hasieratik modu txarrean tratatu zuen, A.J.I.-k azaldu duenez. Diru zorroa faltan zuela jasotzen zuen salaketa irakurtzen ari zenean, azkar amaitzeko eskatu ziola dio. Amaitu, eta ezagutzen ez zuen ate batetik ateratzeko eskatu zion ondoren. Egoerak beldurtuta, ate nagusitik atera nahi izan zuen A.J.I-k. «Baina ez zioten utzi; lepotik hartu, eta buruarekin paretaren kontra jo zuten», azaldu du Fernandezek.
EPAIA ARTXIBATUA, HELEGITEA BIDEAN. Polizien txostenak bestelako bertsioa jasotzen du. A.J.I-k ez zuen bere burua identifikatu nahi izan, eta poliziei eraso egiten saiatu zela diote. Horregatik atxilotu zutela. Txosten hori kontraesanez eta irregulartasunez beteta dagoela salatu du A.J.I.-ren abokatu Luis Fernandezek.
A.J.I.-k ez du jendaurrean agertu nahi, beldur delako. Polizien kontrako salaketa jartzeko beldur zen hasieran, halaber, haren lagun Fernandezek ezagutarazi duenez. Baina gertaera jazo eta handik hainbat hilabetera aurkeztu zuen. Bere kontrako erasoa, bai, lehen unetik salatu zuen sendagileen eta epailearen aurrean. «Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkari Vicente Riparengana jo nuen nik lehen unean; ikerketa agindu zidan. Baina ez dute deus egin», kritikatu du Fernandezek.
A.J.I.-k polizien kontrako salaketa jarri zuenean, deklaratzera deitu zituen epaileak, lekuko gisa. Eta auzia artxibatu egin zuen. Ez zuen delitu zantzurik ikusi. Helegitea aurkeztu du Luis Fernandez abokatuak erabaki horren kontra. A.J.I.-ren kontrako salaketak aurrera jarraitzen du, oraingoz.
(Puede haber caducado)