Gordintasuna azken egunean

'Padre nuestro' eta 'Daisy Diamond' Sail Ofiziala itxi duten bi filmek istorio gogorrak kontatu dituzte

Berria, Amagoia Mujika, 29-09-2007

Donostia

Zinemaldiaren lehiaketako azken egunean aurkeztutako filmak ez dira erraz ahazten diren horietakoak, azken – azkena batez ere. Onak diren edo ez kritikarien esku utzita, ikuslea jota atera zen atzo zinematik. Padre nuestro Christopher Zallaren filmak New Yorken mexikar iritsi berrien eta ez horren berrien istorioa kontatzen du, eta Daisy Diamond Simon Shatorenak, alaba hiltzen duen gaztearen sufrimendua islatzen du, «era ahalik eta zintzoenean».

Padre nuestro – k emigrazioaren alde iluna dakar, baina ez ohiko moduan. Sorterria utzi eta egoera berrira ohitu ezin dutenen egoera baino gehiago da bizitza berriak eskaintzen diena. Ezagutzen ez duen aitaren bila doa gazte bat, eta bidailagunak identitatea lapurtuko dio: haren semea dela frogatzen duen eskutitz bat. Christopher Zallaren lehen luzea da film hau, baina jada Sundanceko epaimahaiaren saria jasoa du, eta oso harrera ona izan du. Jesus Ochoa, Armando Hernandez eta Paola Mendoza mexikarrek, berriz, sinesgarritasun handia ematen diote beren lanari.

«Film iluna da, batzuetan kolpe gogorrekin, baina niretzat edertasuna dauka. Mundu honetan arriskutsuena gizakien arteko ezberdintasunak ikusteko daukagun joera da. Niretzat, politena berdinak garela ikustekoa da».

KRUDELTASUNA. Krudeltasuna eta bihozgabetasuna samurtasunez ikusteko aukera eman zuen atzo Simon Shatok Daisy Diamond – en. Gai arriskutsu batean sakontzen du, «tabu batean», Shatok berak esandakoaren arabera. Ama batek haurra hiltzea, eta egoera hori ulertzen saiatzea ezohikoa baita.

Pisu guztia Noomi Rapace aktorearengan ezarrita, gauza guztien gainetik aktore izan nahi duen gaztearen bizitza tragikoa kontatzen du. Aktore izan eta haurra hezteko duen gaitasun ezak indarrik gabe utziko du desesperazioraino. Tentsioa hasieratik egiten da ia jasangaitza.

Gidoia behin baino gehiagotan irakur daiteke albiste laburretan, eta horrelakoetan bihozgabetasuna edo buruko gaixotasuna ikusten dugu amaren ekintzan; Shatoren arabera, baina, gaia oso konplexua da, eta ulertzen saiatu da. «Azken batean norbera baino garrantzitsuagoa bilakatzen da beste pertsona bat, eta ez da horren sinplea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)