«Errealitatea, demagogiarik gabe»
'Querida Bamako' filma estreinatu dute, Afrikako emigranteek egiten duten infernurako bidaia
Berria, , 29-09-2007Donostia
Europarako bidea hartzen duten Afrika beltzeko biztanleek badakite non hasiko den euren bidaia, baina ez non bukatuko den. Eta are gutxiago, nola. Txarli Llorente eta Omer Okeren Querida Bamako lana hilabeteak edo urteak iraun dezakeen ibilbide tragiko horretan oinarritzen da, «leialtasunez, eta ez didaktikoki», Llorentek berak dioenez. IBAIA saria irabazi duen dokudrama hori Zabaltegiko Bereziak atalean estreinatu zuten atzo, eta gaur bertan beste bi emanaldi egingo dituzte.
«Migrazio prozesuaren zati hori kontatzeke zegoen oraindik», Omer Oke Beninen jaio eta Bilbon bizi den egilearen ustez. Oke Jaurlaritzako Immigrazio zuzendaria izandakoa da. Haren arabera, Afrikako hegoaldetik iparraldera, Marokora iritsi arte, milaka gaztek egiten duten ibilaldi penagarriaren inguruan apenas hitz egin den. «Europako hondartzetako lehorreratzea ikusten da, ontziak, hildakoak eta gizarteratzeko arazoak gero. Migrazio horren arrazoiak ere ezagunak dira, baina ez nola hartzen den erabakia halako bidaia egiteko».
Urtero hildako andana eragiten duen migrazioaren zati afrikarra azaltzeko, Burkina Fasoko Moussa gaztearen istorioa baliatzen du filmak, pertsonaiak berak lehen pertsonan azalduta sarri. Pascal Gaigneren musikak lagunduta, dokudramaren fikzioa bizipen izan duten etorkinen testigantzekin tartekatzen da, istorioaren egiazkotasuna indartzeko. «Edo alderantziz, testigantzak laguntzen ditu fikzioak, haien benetako pasadizoekin osatu baita gidoia», dio Txarli Llorentek. Moussa, Justin eta Khadyk infernua ezagutuko dute bidean, elkartasun eza, esklabotza, gosea, arduragabekeria, heriotza… Baina baita adiskidetasuna eta maitasuna ere. «Ikuslea pertsonaia horien azalean sartzea nahi dugu, haiekin identifikatzea, errealitatean oinarrituta baitaude, benetako afrikarrek bizi izandako istorioak islatzen baitituzte».
AKTOREAK, HUNKITURIK. «Migrazio bidaia egin zuen lagun bat daukat, eta oso gogorra egin zait rol hau jokatzea jakinda beste batzuek benetan bizi izan dituztela pasadizo hauek», dio Djedje Apalik, Moussaren rola jokatu duen aktore frantziarrak. «Gogorra, baina polita izan da aldi berean», azaldu du Esther Vallesek. Iparralderako bidean haurdun geratuko den gaztearen azalean sartzen da filmean Valles aktore espainiarra. Afrikako basamortu, bide, herri eta hirietan filmatu zuten Querida Bamako, eta benetako bidaian zeuden pertsona asko azaltzen dira bigarren mailako roletan. «Gidoia ezagutzen genuen lehendik, baina filmatzen hasterakoan izugarria izan zen, gidoi hori gure aurrean benetan gertatzen ari baitzen», dio Gorsy Edu ginearrak (Justin).
«Basamortuko hondarretako murruak gainditu ditugu, itsas uretakoak ere bai, eta orain Europan nork daki zenbat murru gehiago gainditu beharko ditugun», dio Moussa pertsonaiak Bilbora iristen deneko filmeko pasartean. Europarrentzat badu mezurik Querida Bamako – k, baina baita bidaia etsigarria hastera doazenentzat ere. «Hobe nuen emaztea eta alabarekin geratu miseria gorrian, hemen bakarrik hiltzea baino». Halaxe dio Moussak bidaiaren une tragiko batean. «Filma Afrikan ere ikustea nahiko genuke, eta han ikusi beharko litzateke zein den jendearen erreakzioa, baina ez dut uste migrazioa ezerengatik geratuko denik», dio Llorente zuzendariak. Hala ere, Omer Okeren ustez, «senitarteko bat Europara bidaltzeko erabakia familia osoak hartzen du, eta bidaia horretan zer gertatzen den jakin beharko lukete ahaide zaharrenek». Garrantzitsutzat jotzen du film hau hemen ikustea, «baina baita Afrikan ere».
SENTSIBILIZAZIO KANPAINARIK GABE. Immigrazioaz asko hitz egiten da, baina ez hainbeste immigranteaz. Halaxe uste du Omer Okek. «Aurpegia jarri diogu arazoari. Bidaia hau kontatu dugu, falta zen prozesuaren kate maila azaltzeko, eta ikusleak ezingo du gehiago esan arazoaren berri ez duenik. Hori egin nahi genuen, besterik gabe. Helburua ez da inor sentsibilizatzea edo antzeko zerbait». Llorentek honela biribildu du: «Errealitatea islatu dugu, demagogiarik gabe eta inor kontzientziatu nahi gabe».
«Pertsonaiak benetako afrikarren istorioak islatzen dituzte; ikuslea haien azalean sartzea nahi dugu»
Txarli Llorente
‘Querida Bamako’ filmaren zuzendaria
«Aurpegia jarri diogu arazoari, eta ikusleak ezingo du gehiago esan arazoaren berri ez duenik»
Omer Oke
‘Querida Bamako’ filmaren zuzendaria
(Puede haber caducado)