Etorkinen lege proiektua salatu dute Baionan

Berria, HARTZEA LOPEZ ARANA, 28-09-2007

Baiona

Mugarik Gabeko Hezkuntza Sarea taldeko kideek Frantziako Gobernuak indarrean ezarri nahi duen Etorkinen Legea gaitzetsi zuten atzo Baionan, prentsaurreko batean. Frantziako Parlamentuaren onespena jaso duen lege proiektu honek etorkinei DNA probak egiteko ahalbidea ematen du, besteak beste. RESF sareko bozeramaileen ustetan, «etorkinen eta gaizkileen arteko amalgama egitea du helburu». Atzokoan, RESFen baitan dauden Giza Eskubideen Ligak, CIMADE elkarteak eta FCPE ikasleen aitamen elkarteak bat egin zuten Brice Hortefeux Immigrazio ministroari kritika egiteko. «Lehendakaritza hauteskundeen ondotik sortu klimaren aurrean» epe luzerako lana abiatuko dutela segurtatu zuten.

Halaber, Hortefeux – k prefetei eskatu dizkien etorkinen kanporatze kuotei buruz hitz egin zuten atzo. Pirinio Atlantikoko prefetak ministroaren deirik ez ukanik, departamenduko kanporatzeen kuota bete zuela ondorioztatu zuten FESFko kideek. Bostehun izan litezke aurten Biarnotik eta Ipar Euskal Herritik kanporatu etorkinak.

KUOTEN «JUKUTRIA». CIMADE elkarteko Laurence Hardouinek kanporatze kuoten betetzeko Administrazioak erabiltzen duen «jukutria» nabarmendu zuen. «Pirinio Atlantikoetatik kanporatuak izan diren etorkinen %80 haien kabuz jatorrizko bizilekura itzultzekotan ziren. Gehienak Europatik Afrikara bidaia egiten zari zirela atxilotu zituzten Hendaiako mugan (Lapurdi). Absurdua da: jaioterrira zihoazela bidali dituzte hara».

DNA probak egitearen egitasmoaren «lanjerra eta inhumanitatea» azpimarratu zuen Hardouinek. «Helburua haur beltzei eta magrebtarrei hemen bizitzeko eskubidea kentzea da, arrazoi biologikoetan oinarrituz».

Administrazioak laguntzak eta argibideak eman ordez, «instituzio beldurgarriak» bilakatzen ari direla nabarmendu zuen Hardouinek, «etorkinak klandestinitatera bultzatuz».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)