«Herrialdearen garapena herrialdean bertan hasi behar da; erantzukizun nagusia berea da»

Afrikak pairatzen dituen gatazka armatuen erroetan, etnia eta talde desberdinen arteko talka baino gehiago, boterea eskuratzeko nahia dagoela uste du.

Berria, 28-09-2007

ibai maruri

Bilbo

Francis Wodie (1936) Boli Kostako Langileen Alderdiko sortzailea eta egungo presidentea da. Hainbat aldiz espetxeratu izan dute, bere herrialdeko sindikalismoan parte – hartzaile aktiboa izateagatik. Amnesty Internationalen bolikostar taldeko presidentea izan zen. Baita Goi Hezkuntza eta Zientzia Ikerketako ministroa ere. Sabino Arana Fundazioak gonbidatuta, atzo hitzaldia eman zuen, Bilbon.

Afrikak bizi duen azpigarapenaz hitz egitera etorri zara, besteak beste. Zure ustez, zerk eragiten du azpigarapen hori?

Orokorrean, herriei norbanakoei gertatzen zaigun gauza berbera gertatzen zaie. Pertsonok ez gara era berean garatzen. Bakoitzak geure erritmoa dugu. Herrien kasuan berdin. Bakoitzak bere historia eta bere baldintza propioak ditu. Afrikari kolonizazioaren eta esklabotzaren ondorioak gehitu behar zaizkio. Hala ere, ezin diegu besteei gure egoeraren erantzukizun guztia egotzi. Gure estatuek barne antolamendu eta administrazio arazoak dituzte. Politikaren ikuspuntutik demokrazia behar beharrezkoa da. Baina ez gara gauzak zuzen egiten ari, herriak boterea pertsonalizatu egiten baitu. Garai bateko erregetza sistemaren aztarnak mantentzen dira oraindik. Herritarrek agintea nork duen ikusi nahi dute. Horrek botere guztia ia pertsona bakarrean biltzea eragiten du. Eta hori ez da inondik ere ona. Boterea instituzionalizatu beharra dago, pertsonalizaziotik irten.

Irtenbiderik ikusten diozu? Hala bada, zein?

Trantsizio prozesu baten murgilduta gaude. Orain, garrantzitsuena demokrazia eta garapena erdiesteko modua aurkitzea da. Horretarako arazoen jatorria zein den zehaztu behar dugu. Era horretan baino ez dugu lortuko konponbidea bilatzea. Ekonomia mailan, azpigarapenaren eta pobreziaren aurka borrokatu behar dugu; politikan, herritarren parte – hartzea bideratu; eta kulturari dagokionez, heziketa faltaren auzia konpondu. Herrialdearen garapena herrialdean bertan hasi behar da; erantzukizun nagusia herrialdearena da.

Nazioarteko laguntzak zer – nolako ekarpena egiten dio Afrikaren egungo egoerari?

Laguntza hori batez ere ekonomikoa da. Alde batetik, arestian aipatu ditugun agintariak daude. Boterea negozioa ere bada beraientzat; aberastasun iturri kontsideratzen dute, horrek esan nahi duen guztiarekin. Beste alde batetik, gainontzeko herrialdeek interesa duten kasuetan baino ez dute esku hartzen Afrikan. Nazioartearen laguntzak, behar bezala bideratuz gero, asko lagun dezake.

Duela gutxi mundu mailako herrialde ustelenen zerrenda argitaratu da eta lehen hamarren artean Afrikako hiru herrialde agertzen dira: Somalia, Sudan eta Txad.

Ustelkeria kontinentearen garapenak duen oztoporik handienetako bat da. Horren inguruan badago nabarmendu beharreko kontu bat. Herriak begi onez ikusten du, edo ez du gaitzesten. Moralaren inguruko gabezia izugarri bat erakusten digu horrek. Gauzak horrela, heziketa behar beharrezkoa da kultura aldaketa bat gertatzeko.

Zailtasun horiei guztiei gatazka armatuak gehitu behar zaizkie. Zure herrialdean, Boli Kostan, gerra zibil luzetik irten berriak zarete. Zein da egungo egoera?

Boli Kostako gatazkaren erroetan boterea eskuratu nahi dutenen arteko borroka dago. Horregatik gurean eta inguruko herrialdeetan estatuburua aukeratzeko hauteskundeak gerturatzen direnean indarkeria areagotu egiten da. Hori horrela, egoera honetatik ateratzeko hauteskundeak baldintza demokratikoetan eta begiraleen parte – hartzearekin egin beharko dira. 2007ko martxoan Burkina Fasoko hiriburuan, Uagadugun, gobernuak eta gerrillek akordio berri bat sinatu zuten. Ondorioz, gatazkaren parte diren bi aldeek estatuko agintaritza elkarren artean banandu zuten. Alegia, batzuentzat estatuburutza eta besteentzat lehen ministroaren kargua. Ezbairik gabe aurrerapauso ikaragarria suposatu zuen. Oraindik, ordea, desarmea falta da. Nazio Batuen bitartekaritzarekin 2003an hori adostu zuten eta oraindik ez dira horretan hasi ere egin.

Konponbidea erdiesteko borondaterik nabaritzen duzu?

Egia esan, ez dakit zer erantzun. Alde batean zein bestean badago egoerari eutsi nahi dion jendea. Boterea eskuratu nahia da gatazkaren oinarrian dagoena. Presidentearen ingurukoen artean badago gerrillariei halako protagonismoa eman izana ulertzen ez duenik. Berdin gertatzen da beste aldean ere. Ekainean, esaterako, lehen ministroaren hegazkinaren aurkako atentatua jasan zuen. Ez dakigu zeinek egin zuen, alde batekoek edo bestekoek.

Hemendik begiratuta badirudi ezinikusi etnikoek ere zer esana dutela.

Etniak egon badaude. Hori ukaezina da. Eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Baina hauen arteko talka ez da berezkoa. Gatazkaren oinarria ez da etnikoa. Parte diren aldeek etniak erabili egiten dituzte beraien ekintzak justifikatzeko. Hiru alderdik baino ez dute etniaren bat ordezkatzen.

Amnesty Internationalen kide ere bazara. Zein giza eskubideen egoera Afrikan?

Ez oso ona. Gatazkak aitzakiatzat jarrita beldurrik gabe urratzen dira. Eta halakorik ezin daiteke onartu. Nahiz eta egoera normalena izan ez, eskubideak errespetatu behar dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)