«Kanpaina populista horren mezuak indarkeria arrazista bultzatzen du»
Atzerritarrak eta gaizkileak parekatzen dituzten mezu arrazistak kaleratu ditu SVP-UDC Suitzako Alderdi Popularrak urriaren 21eko hauteskundeei begira.
Berria, , 27-09-2007Lausanako Unibertsitatean Hizkuntzalaritza irakaslea da Adam. Hizkuntza eta diskurtso literarioa eta politikoa aztertu ditu hainbat lan eta artikulutan. Adamek SVP – UDCren jarrera kritikatu du «atzerritarrak gaizkiletzat jotzen dituelako».
Zuk esan duzunez, SVP – UDCren afixak indarkeria bultzatzen du. Zergatik?
Erraza da. Ardi zuri batek ardi beltzari ostikoa jotzen diolako eta Suitzaren bandera duen eremutik, lurraldetik botatzen du. Afixak modu berdinean jokatzera bultzatzen du. Arriskua dago herritarrek keinu edo ekintza hori errepikatzeko. Hain sinplista da afixa, non ia – ia sinesgarria ematen duen. Baina halakoxea da, kanpaina populista horren zentzua da.
Hizkuntzalaria zara. Nola aztertu duzu mezua, ardi zurien eta beltzaren arteko harremana?
Hiru ardi zuri Suitzaren bandera duen larretik ardi beltz bat botatzen jartzea oso semantika populista da. Zuria sinbolikoki ongia da gure tradizioan, argitsua, tatxarik gabea. Kasu horretan zuriak beltza botatzen du. Beltza heriotza da, iluna, gaua, gaizkiaren gorpuztea. Logika hau western primitiboaren logika da, zuri – beltzean. Rolanden kantaren logika da, kristau onekin eta musulman txarrekin, XI. Mendeko pentsamendua, totalitarismoaren eta segregazio guztien oinarria izan dena.
Afixaren sinboloak nola daude errealitatean txertaturik?
Ardi zuriak eta beltzak zenbatuz gero, afixako ardi beltza %25 da, Suitzan gaur bizi diren atzerritarrak baino apur bat gehiago, horiek %20 inguru baitira.
Orduan atzerritarrak ari dira gaizkiletzat jotzen. Blocherren alderdiak herri suitzarra nola irudikatzen duen azaldu du. Ardiak zuri – zuriak dira, eta ez dirudi artzainak edo zakurrek otsoarengandik babesten dutenik, ez. Artzaina eta zakurra ondo gordeta daude Suitza indartsu baten alde leloaren atzean. SVP – UDCren mezu beldurgarrian hauxe dago: buruzagi indartsua behar da, zakur indartsuak, mestizajeak baztertu behar dira. Horixe da alderdiaren propagandan ageri den alegia, eta horixe haren mezua.
Zure ustez, nolakoa izan da Suitzako politikarien eta gizartearen erreakzioa?
Konfederazioko presidenteak, Micheline Calmy – Rey sozialistak, SVP – UDCren kanpainak «nazka» eragiten diola esan du. Eskuinak eta zentro – eskuinak aho batez kritikatu dute kanpaina: Kontseilu Federaleko beste kide batek, Pascal Couchepinek, Mussolinirekin konparatu du Blocher. Alderdi Liberalak «lerro gorria» pasatu dela esan du eta «atzerritarren kontra gerra makina» aipatu du. Alderdi Demokratakristauko Urs Schwallerrek onartezintzat jo du kanpaina.
Hedabideetan gaiari heldu diote, prentsan hamaika artikulu argitaratu dira, manifestazioak egin dira… SOS Arrazakeriak ere ahotsa altxatu du. Alde horretatik, uste dut bide onean goazela. Kontrako erreakzioa nahikoa zabala izan da, eta hori ona da.
Alderdiei dagokienez, zer ondorio izango du bozetan kanpaina horrek?
Bozak urrian dira eta lehen aipatu ditudan pertsona horien alderdiak eta SVP – UDC bera, hauteskundeen ondoren egin daitezkeen akordio politikoei buruz mintzatzen ari dira. Ikusi egin behar, beraz.
Iaz NBEren ordezkaria izan zen Suitzan arrazakeria aztertzeko. Doudou Dienek herrialdean sakoneko arrazakeria dagoela esan zuen. Hala da?
Jarrera arrazisten inguruan nolabaiteko banalizazioa egon da. Orain sortu den kezkak eta mobilizazioek kontzientzia hartzen lagunduko dutela espero dut.
Zer sustrai du arrazakeriak Suitzan?
Denbora luzea hartuko luke hori aztertzeak, baina nahikoa da ikustea atzerritarren proportzioa afixan ageri den kopurutik gertu dagoela, %20 baino gehitxoago. Suitzak atzerritarrak behar ditu eta, aldi berean, gaizki ikusten du atzerritarrak gurean ugaltzea. Krisi ekonomikoak Suitza ere jo du, eta horrek arrazakeria piztu eta areagotu egin du.
(Puede haber caducado)