Etorkinek zer gertatzen ari zen bazekitela iradoki du defentsak

Dirua ordaindu ezean abokatuak Polizia bidaltzeko mehatxu egin ziela esan dute epaiketan

Berria, ibai maruri, 26-09-2007

Bilbo

Erabiltzen ari ziren prozedura desegokia zela ea ez ziren ohartu galdetu die defentsaren abokatuak P.J.G. abokatuaren ustezko iruzurra pairatu zuten atzerritarrei. Atzo izan zen P.J.G. abokatuaren aurkako epaiketaren bigarren eguna, eta atzerritarrek akusatuak jarraitutako prozedura desegokia zela bazekitela agerian utzi nahi izan zuen defentsak. Biktimei zegokien, galderei erantzunez, gertatukoa kontatzea. Hamabik zeukaten epaitegitik igaro beharra, baina sei baino ez ziren agertu.

Nahiz eta guztiak Nafarroan bizi ziren, ezagutu ere egiten ez duten Bilboko helbide batean bizi zirela jartzen zuen akusatuak eskaera orrietan. Era berean, langabezian zeuden arren, autonomoak balira bezala erregistratzen zituen, lanbideak asmatuz. «Datu oker horiek Poliziari eta Lan Ministerioari aurkezteari zuzena irizten zenion?», galdetu zien Javier Beramendi akusatuaren abokatuak.

Batzuek onartu zuten susmo txarra hartu ziotela ustezko iruzurgilearen jokabideari. Baina legezkoa izango zelakoan zeuden. «Bera da abokatua, legeetan aditua. Berak jakingo du zer egin daitekeen eta zer ez», erantzun zuen Yomar Espinozak.

Laster igarri zuen azpijokoren baten biktima izatekotan zirela. «Posta zertifikatuaren gordekina erakutsi zigun eta harekin lanean hasteko ez genuela beste ezer behar esan zigun». Senarra eta semetxoa lagun zituela joan zen, Tafallatik (Nafarroa), Bilbora. «Banekien paper harekin ezingo nuela lanik egin eta halaxe esan nion». Espinozaren esanetan, P.J.G. pipertzen hasi zen. «Ordaintzen ez bagenion ez zigula bulegotik ateratzen utziko mehatxu egin zigun, zakar. Umea izutzen hasi zenez, kutxa automatikora jaitsi behar genuela esan genion, diru bila. Eta ez ginen itzuli».

Ez zuten gehiago elkar ikusi. Baina Bilbotik bi telefono dei jaso zituzten, kobratu gabe zeukan dirua eskatzeko. «Deietako bat abokatuak berak egin zuen eta ordaindu ezean Polizia bidaliko zigula egin zigun mehatxu, atzeman eta geure herrialdera bidaltzeko». Ordurako 350 euro ordainduta zeuzkaten.

Gehiago ordaindu zuten Victor Williamsek eta emazteak: 1.200 euro. Indusketa enpresa batean egiten zuen lan, Nafarroako hiriburuan, kontraturik gabe. Halere, bere eskaera orrietan saltzaile ibiltaria zela jarri zion P.J.G. – k.

«Saltzaile lanetan aritzeko asmoa zeneukan?», galdetu zion Beramendik, defentsaren abokatuak. Ezetz erantzun zion. «Orduan, zertarako sinatu zenuen saltzaile ibiltaria zinela esaten zuen lanerako baimena?», galdetu zion gero. «Lan egin nahi nuen. Saltzaile aritu behar izanez gero, prest nengoen. Baina ez zen nire xedea», erantzun zion.

ITSUITSUAN. P.J.G. abokatuarengan konfiantza zuten guztiek. Bulegotik igarotzen ziren egunean, eskaera egin aurretik hainbat dokumentu eta baimen sinatzen zituzten. Baita beren izenean jarduteko baimen bat ere. «Zer sinatzen zenuten?», galdetu zien guztiei fiskalak. Batzuek, sinatu ostean irakurri eta gero, bazekiten. Baina inork ez zuen sinatu aurretik orri haiek gainbegiratzeko aukerarik izan. «Nik esaten nion irakurri nahi nuela. Baina berak azkar sinatzeko erantzuten zidan. Kanpoan lagun andana zain zegoela. Gainera, ez zen isildu ere egiten. Une horretan ematen zituen azalpen guztiak», dio Williamsek.

Onartua izateko «eskaria abenduaren 23a baino lehen» egin behar zela, EAEn «bestelako legea» zegoela, «paper haiekin lan egin» zezaketela… P.J.G. – k esaten zien guztia sinetsi zuten.

 

«Posta zertifikatuaren gordekina erakutsi zigun eta lanean hasteko ez genuela besterik behar esan»

yomar espinoza

kaltetutako etorkina

«Nik esaten nion irakurri nahi nuela, baina berak azkar sinatzeko esaten zidan, jendea zain zegoela»

victor william

kaltetutako etorkina

 

«Gu hona lanera gatoz; ez dugu zertan jakin hemengo legeen nondik norakoez»

ismael sebastian andrade

kaltetutako etorkina

 

«Dokumentu honekin lan egin dezaket? Baiezko borobila jaso nuen erantzunean»

Blanca susana diaz maldonado

kaltetutako etorkina

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)