Etorkinei iruzur egin izana ukatu du salatutako abokatuak

Berria, ibai maruri, 25-09-2007

Bilbo

Etorkinei baimena lortzeko prozedurak huts egin zezakeela jakinarazi ziela esanez defendatu du bere burua P.J.G. abokatuak. Halaxe adierazi zuen atzo bere aurkako epaiketaren lehen saioan, Bilbon.

Salaketaren arabera, 2003. eta 2004. urteetan baimenik gabeko hainbat etorkini beraien egoera legeztatzen lagunduko ziela sinetsarazi zien, nahiz eta bazekien garai hartan indarrean zegoen legediarekin ezinezkoa zela halakorik lortzea. Gainera, zerbitzu horien trukean 600 euroko ordainsaria eskatzen zien.

Atzo hasi zen epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Lehenengo saioan akusatuari zegokion galderei erantzutea. Halere, hasi aurretik, Javier Beramendi defentsaren abokatuak prozeduraren inguruan bere desadostasuna agertu zuen. «Baimenik gabeko etorkinei legeak ez diela aitortzen halako salaketa jartzeko eskubiderik eta akusazioak ezin du berak ordezkatzen ez dituen gainerako etorkinen izenean erantzukizun zibilik eskatu», kexatu zen, besteak beste.

Behin arazoa konponduta, saioari ekin zitzaion P.J.G. – ren adierazpenekin. Fiskalaren galderei erantzunez, bere zerbitzuen truke 50 euro kobratzen zituela azaldu zuen, «nahiz eta beti ezin izaten zuten ordaindu». Prozesua bukatutakoan, beste 550 euro gehiago. Era berean, diru hori berea eta bere amarena zen kontu korronte baten bidez jasotzen zuela aitortu zuen.

«Aholkua eman, agiriak bete eta ilaran zain egoten zirenean lagundu», horiexek ziren bere zereginak. Behin egoitza eta lan baimena eskatuta, Administrazioak eskaera onartu edo ez erabaki bitartean Poliziak ezin zituela kanporatu azaltzen ziela adierazi zuen.

EZ MEHATXURIK, EZ GEZURRIK. P.J.G. – k, halaber, ukatu egin zuen etorkinei legeztatze orokor bat gertatuko zela sinestarazi ziela. Baita Jaurlaritzaren lege bati esker Bilbon baimena lortzea errazagoa zela esan zienik ere.

Luis Fernandez SOS Arrazakeria elkarteko abokatuaren galderei ez zien erantzun. Halere, hark banan – banan egin zizkion. Besteak beste, ordaindu ezik Poliziaren aurrean salatuko zituela mehatxu egin izana leporatu zion. Baita bisa bila euren herrialdera joan ezin zirenen kasuan dokumentuaren salbuespena eskatu izana onartuak izango ez ziren arrazoiak argudiatuz.

Epaiketak gaur jarraituko du, ustez iruzurra pairatu zuten etorkinen lekukotzekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)