Etorkinei DNA proba eta frantses azterketa egitea onartu du Frantziak
Herritarrei anestesia moraletik ateratzeko deia egin die SOS Arrazakeriak, eskubide urraketa salatuz
Berria, , 21-09-2007Baiona
Frantziako Parlamentuak onartu ditu Etorkinen Legeari egindako aldaketak. Bertze hainbat emendakinen artean, gizarte eragileen haserrea eragin duten bi neurriak onartu dituzte: Frantziara joan nahi duten etorkinei DNA probak egitea eskatzea eta sorterrian berean frantsesaren ezagutza neurtzeko azterketa egitea. Hedabideetan eta diputatuen artean eztabaida mardula egon arren, diputatu gutxik hartu dute parte bozketan. Frantziako Asanblada osatzen duten 577 diputatuetatik 91k legearen alde bozkatu dute eta 45 diputatuek kontra.
Alta, lehen unetik lege proposamenak zatiketa sakonak eragin ditu UMP alderdian ere. Eztabaida horiek gainditzeko erdibideko proposamena egin du Thierri Mariani txostengileak. Etorkinei DNA probak egiteko baldintzak ezarri ditu, hastapeneko egitasmoa mugatuz. Etorkinaren «aldeko» probak lortzeko helburuz eginen dituztela erran dute diputatuek. Estatu zibileko agiririk ez dagoen herrialdeetan, edo agiri horiek fidagarriak ez diren herrietan eginen dituzte probak. Gainera, onartutako emendakinak iraupen mugatua du, 2010eko abenduaren 31 arte.
Azken orduko aldaketa baten bidez, adituen batzorde independentea osatzea onartu dute. Urtero, epea bete arte, azterketen emaitzen jarraipena eginen du. Azterketak frogatzen duelarik ahaidegoa, DNA proben balioa Frantziak ordainduko du. Azterketa bakoitzak 200 – 600 euro balio du.
Bertze alde batetik, 65 urtez beherako etorkinek frantses azterketa egin beharko dute. Horrekin batera testuan zehazten ez diren «Errepublikaren balioak» ezagutzen dituztela probatu beharko dute. Azterketa gainditzen ez duten etorkinen bi hilabeteko prestakuntza segitu beharko dute derrigorrez.
HERRITARREI DEIA. SOS Arrazakeria erakundeak «anestesia moraletik» ateratzeko deia egin du. «Diputatuen parte handi batek demagogiaren bidea hartu duen unean, herritarren mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da».
Milaka pertsonen geroa kolokan jartzen duen legea gizarte eztabaidarik gabe burutu dela salatu du, diputatu multzo batek zenbait ordutan eztabaidatu ondoren hartutako erabakia dela. Legearen muina arriskutsua dela dio, bertze hainbat gizarte esparrutara heda daitekeelako, DNA probak, adibidez, orokortuz eta fitxaketa sistema bihurtuz.
(Puede haber caducado)