Arrazismoa eta alderantzizko arrazismoa

Arrazakeria egon badago oraindik, baina hura sustatu zutenen aldera begiratu behar da berriro ere. 'Apartheid'-a hila egon daiteke, baina ez haren oinarri izan ziren pentsamolde eta jarrera asko.

Berria, lorenzo rojo, 20-09-2007

BI MILA ETA SEIKO MAIATZAK 25, George, 99 km. Laino arrastorik ez gaur zeruan, eguzkia eta urdina jaun eta jabe. Herold – era sartu eta George – ra doan errepide zaharra, asfaltogabea, hartu dut. Oso bide estua eta polita: mendi inguru lasaiak, kareharrizko harkaitzak eta malda leun eta berdeak. Montagu Pass – eko gailurrera iritsi eta itsasoa ikusi dut, «Amanda’s grave» zioen plakaren ondotik: itsasoaren urdina urrutian, mendien arteko zintzurraren amaieran.

2006KO MAIATZAK 26, Great Brak River, 32 km. Lehengo batean, Mozambiken inbertitzearen abantailak deskribatzen zituen txosten batean, «reversed racism» esamoldearekin topatu nintzen («alderantzizko arrazismoa» ). Mozambiken ez omen dago halakorik eta Hegoafrikan bai. Bitxia esamoldea eta bitxia eta ironikoa hegoafrikar zuriak orain horretaz kexu izatea (hegoafrikar zurientzako txostena zen, eta estilo agresiboarekin zegoen idatzia, hizkera matxista ere tartean zela). Ez dago halakorik, jakina. Arrazakeria instituzionalizatuaren erregimena amaitu zen eta zurien eskubideak ez dira hargatik murriztu, gainontzeko hegoafrikarrenak aitortu egin dira, besterik ez. Eta, gainera, zuriek bere posizio ekonomiko pribilegiatua gorde dute. Orduan zer da «alderantzizko arrazakeria» hori? Izan behar da, bururatzen zait, Hegofrikako beltz askok bere herrikide zuriekiko sentitzen bide duten sinpatia gutxia, estimu eskasa, eta herri honetan oraindik sumatzen den tentsioa. Baina hori ez da hain harrigarria. Arrazakeria egon badago oraindik, baina hura sustatu zutenen aldera begiratu behar da berriro ere. Apartheid – a hila egon daiteke, baina ez haren oinarri izan ziren pentsamolde eta jarrera asko.

2006KO MAIATZAK 28, Albertinia, 64,9 km. Gaur abiatu baino lehenago, gosaldu bitartean, esaten zidan Marinak: «Beldurrez bizi gara, lehen ez zen horrela baina beltzen beldur bizi gara orain, krimenaren beldur. Problema handia da, hirietan batik bat. Ez gu bakarrik, beltz asko ere bere arraza berekoen beldur dira, krimenak ez baitu azalaren kolorerik bereizten…»

2006KO MAIATZAK 29, Heidelberg, 78,5 km. «Afrikan tristeziak eta zorigaitzak daude, baina baita umorea, dibertsioa eta amaiera zoriontsuak ere» (Afrikako kazetariek munduko komunikabideei egindako deia kontinentearen irudi positiboa ere aintzat har dezaten).

2006KO MAIATZAK 30, Potterberg etxaldea, 59,6 km. Etxeko senar – emazteekin afaldu bitartean krimenaren gaia atera da berriro: «Oso krimen bortitza da, ez bakarrik lapurreta, etxekoak hil ere egiten dituzte – esaten zuen emakumeak, andre gazte batek – . Garai zaharretan ez zen halakorik gertatzen. Ez dakit… apartheid – aren azken urteetan gazte beltzak legerik gabeko giro batean hazi ziren, eskolak errez eta autoritateari aurka eginez. Gazte haiek gaurko helduak dira, izugarrikeria horiek egiten dituztenak…»

2006KO EKAINAK 1, Napier, 81 km. Bidaiaren 9garren urtemuga betetzen den egun honetan iritsi naiz Afrikako punturik hegoaldekoenera, Agulhas Lurmuturrera. 101.000 km markatzen ditu bizikletako zenbagailuak. Oroitarri txiki batek aditzera ematen duenez, hemen elkartzen dira Ozeano Atlantikoa eta Indiakoa. Haiei begira Alemaniako bikote bat eta ni gaude. Ez oso urrun itsasargi bat dago eta Afrikako herririk hegoaldekoena ere bai, L’Agulhas,orain hutsik dauden opor – etxez eta txalet txukunez osatutako herri huts bat. Haizea atera du gaur, eta apar txuriko uhin txikiak ernetzen zaizkio itsasoaren azal ilunskari.

2006KO EKAINAK 2, Hermanus, 71,8 km. Caravan park batean kanpatuta nago, dohainik, Hermanus herriaren sarreran. Jabeak esan didanez, toki honetara datorren lehen euskalduna naiz, eta debalde egoteko eskubidea dut horregatik (ala pobre itxura ote daukat?).

2006KO EKAINAK 3, Gordon’s Bay baino 12 km lehenago, 80,8 km. False Bay badiaren ertzean kanpatuta nago. Badiaz bestalde Esperantza Oneko Lurmuturreko itsasargiak diz – diz egiten du, aldiro, nire aurreko ilunpean.

2006KO EKAINAK 4, Muizenberg, 83,9 km. «Ez dut politikan sartu nahi, baina Strand – etik aurrera ez zaizu komeni kostaldeko errepidea hartzea Muizenberg – era joateko», Napier – en gaua eman nuen etxeko gizonak hitz egin zidan horrela bi egun lehenago. Strand – en nago eta, hitz haiek gogoan, nire ondoan gelditu den autoko gidariari – 50 urte inguruko gizon zuri bat – biderik egokiena zein den galdetu diot: «Nik ez nizuke gomendatuko kostaldeko bidea, it is…it is…». «It is no safe», lagundu diot nik. «Yes,it isn’t safe», onartu du berak. Aurreragoko gasolindegian garbiago hitz egin didate, hinki – hankarik gabe: «Hortik beltzen auzuneak zeharkatuko dituzu. Ez da segurua, txirrindulari bati eraso egin zioten lehengo batean…» Amore eman dut. Aireportuko errepidea hartuko dut, Lurmutur Hirira sartzen den autobide nagusia alegia, eta hiri barrutik Esperantza Oneko Lurmuturrerantz egingo dut gero.

Esperantza Oneko Lurmuturra… Izen eder horrek gidatu du nire bidea azken bi urteotan, Norvegiako puntatik, Iparraldeko Lurmuturretik, abiatu nintzen egunaz geroztik. Bitarte honetan guztian bera izan dut norabide – erakusle, helburu eta dei. Eta orain, hain gertu nagoen honetan, presa dut, honainoko bide guztian sentitu ez dudan presa… Igande goiz eguzkitsua da.

Kostaldeko errepideari saihets emanda, N2 autobidean barrena noa hirirantz. Somerset West Mall – etik aurrera, txabola – auzoak hasi dira agertzen errepidearen ezkerraldean. Txabola miserableak elkarren segidan, kartoi, egur, uralita, plastiko… edozein kondarrez egindako bizitoki ziztrinak, bata bestearen albo – alboan, ia gainean, modu itogarrian eraikiak. Zementuzko hesi batek bereizten ditu ni noan errepidetik, zeinek, bai itxuragatik bai bideratzen duen zirkulazioagatik – haren lau lerroetan abiadura handian dabiltzan autoen kopuruari zein modeloei erreparatzea baino ez dago – , Europa aberatseko edozein hiri sarbidetan nagoela pentsaraz dezakeen. Hesia igaro eta haur beltzak tarteko belardi zikinean jolasten dira edo komun gisara erabiltzen dute. Haien aurretik igarotzen naizenean, dirua eskatzen didate, keinu gogorrez batzuetan. Ahuntz taldetxo batzuk bazterretan bazkatzen dira.

Gelditu egin naiz istant batez. Zubi altxatu batean nago, eta gain txiki honetatik errepidearen luzera guztian eta handik itsasalderantz etenik gabe hedatzen den txabolategiari so egin diot: «Lurmutu Hiriari lehen argazkia egin niezaioke hemendik», pentsatu dut. Baina aurrera jarraitu dut Praktica zaharra zorrotik atera gabe. Ez dakit zenbat kilometro iraun duen oraindik ikuskizun lazgarriak, asko dudarik gabe. Saiatu naiz bitartean, errepasatu dut Egiptotik hona egindako ibilia, baina ezin izan dut gogoratu halako auzotegi txiro, itxaropengabe, zarpailik, beste inon.

2006KO EKAINAK 24, Gelbek jatetxea, 105,3 km. Goiz eguzkitsu batean esan diot agur Lurmutur Hiriari. N1 autobidetik Table Mountain mendiaren irudi ederra ikusten nuen nire eskuinetara. Etxe orratzen atzetik, bere harrizko pareta sendoak gain hartzen zion hiriari, zaindari irmo baten gisara. Ezkerrean, gertu, itsasoa nuen. Autobide bazterretan, harriz finkatutako plastiko beltzen azpian, eskaleak eta etxegabeak lo zeuden artean.

2006KO EKAINAK 27, Strandfontein, 76,6 km. Iparralderantz noa, itzulbidean, iparraldeko zerumugak ditut orain begietan. Hala ote da? Itsasoari begiratu eta pentsatzen nuen, gaur, Hego Amerikatik irten nintzenetik ez naizela handik orain bezain hurbil beste inon egon. Han dago, ozeanoaz bestalde. Ozeano honek bakarrik bereizten gaitu.

2006KO EKAINAK 28, Nuwerus, 87 km. Gaur goizeko argiak, abiatu naizeneko argi mehe eta alaiak, Managuakoa ekarri dit gogora. Argi horrek badu berezitasunik: gure ezintasunez bestalde ikusten uzten digu, haiek ukatzen dutena jartzen du ostera bistara. Argi horren izpietan gure ametsak eta desioak daude; eta baita orain arteko urratsak ere, gure oroimena. Oraingoa, arratsaldeko argi hori eta berezi hau, bestelakoa da: infinituaz mintzo da, nik ulertzen ez dudan infinitu handiaz, eta harantz narama. Eta ez dago beste ezer, ez beste inor, une honetan lur honen gainean: lautada eta muino bakartien artetik doan bidea, dena betetzen duen argia eta ni.

2006KO UZTAILAK 3, Steinkopf, 58,7 km. Namaqualand da eskualde honen izena. Paraje lehorrak, harritsuak, latzak. Baina abuztuan eta irailean kolorez betetzen omen dira urtero inguru arreok: udaberriko loratzea da. Hasiak dira dagoeneko. Hor daude lili txuriak, laranjak, horiak, moreak… errepide bazterrak hamaika distiraz janzten; eta hor daude koloretako zipriztinak barreiatzen mendi magaletan ere, adabaki alaiak txertatzen han eta hemen.

Haswell eta Lion – ekin afaldu dut gaur, haiek gonbidatuta. Haswell beltza da, Durban – ekoa, eta nekazaritza ministeritzarako egiten du lan Vioolsdrift – en, muga ondoan. Lion hemengoa da, mestizoa. Afaldu bitartean (nsima prestatu dute, haiek putu esaten omen diote) gai asko ekarri ditugu hizpidera (nire bidaiarekin hasi gara), baina nik «Hegoafrika berria» aipatu dudanean Haswellek hartu du hitza, eta Lion eta biok isilik entzun dugu. Haserrea eta samina nabariak ziren askotan haren jardunean. Luze mintzatu da, eta hark esandakoak laburbiltzen saiatuko naiz, nahiz eta zatika eta ordenarik gabe (Haswellen ama hizkuntza zuluera da, Lionena afrikaansa. Ingelesez aritu gara): «Denbora laburrerako gaude hemen, kez egindako bideak gara, ordu batzuetako loreak… elkarri lagundu behar diogu. Nire anaia «borrokaldian» («the struggle», apartheid – aren kontrako borroka) hil zen, eta nik ere ihes egin behar izan nuen eta mendian ezkutatu… Boterea daukagu paperean, botere ekonomikoa besteren eskuetan dago, betikoen eskuetan… Ikusten eskualde hau? Hemen ez dago zuririk, lurra txarra delako, baina Vioolsdrift – era iristen zarenean errepara egiozu ibaiaren ondoan dagoen etxaldeari; lur hura emankorra da. Nor da jabea? Zuri bat… Ni ere lur banaketaren (land redistribution) zain nago, noiz arte itxaron beharko dudan, ordea, ez dakit, paper eta froga asko aurkeztu behar baitira erreklamazio bat egiteko… Hemen bide baketsua, biguna, aukeratu dugu, baina pazientzia agortu liteke… Eta badago beste zerbait gobernukoek aipatzerik nahi ez dutena: ustelkeria… Zuri bat hiltzen dutenean telebistan azalduko da berria, hots handiz, baina gure jendea egunero hiltzen da txaboletan, eta hori ez da albistea… Zuriak etorri ziren – papera hartu eta marrazki bat eginez laguntzen die bere hitzei – , suzko armak zituzten, eta lur emankorrenetatik bota gintuzten. Gure ezkutu eta lantzek ezer gutxi ahal zuten haien aurka. Horrela hasi zen oraindik harrapaturik gauzkan sorgin – gurpila («the vicious circle»), bazterketaren gurpila… apartheid – aren garaian ematen ziguten hezkuntza ere ez zen ona, gure eskolak ez ziren haienak bezalakoak… Gurpil baztertzaile horretatik irten nahi dugu, soka hori apurtu, horixe da gure eginkizuna, gure seme – alabek etorkizun hobea izan dezaten. Ez da erreza baina ahalegintzen bagara, gero hori gure esku egongo da. Zulueraz badugu esaera bat horretarako: «Vukuzenlele». Esan nahi du: «jaiki zaitez eta egin ezazu zerorrek».

2006KO UZTAILAK 4, Noordoewer (Namibia), 75 km. Errepideak beheraka egiten du, astiro lehendabizi, arinago gero menditarte batetik barrena. Harria, sastrakadia eta zeru urdin akatsik gabea, ez dago besterik paraje lehor eta bakarti hauetan. Bai, badago besterik: bide bazterreko loreak eta usaina. Usain goxoa da, eta boladaka iristen zait, kanelarena ematen du, Paine dorreetan bezala, baina ez dut zuhaitzik ikusten inguruan…

Arratsaldean Orange ibaia zeharkatu, eta Namibian sartu naiz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)