Joan-etorrian

Berria, kaldabe@berria.info, 20-09-2007

‘The New York Times’ – ek kontatu zuen 1911ko martxoaren 21ean. New Yorkeko immigrazio agenteei mila buruhauste eragin zizkieten Frantziako Touraine konpainiako ontzi batean «Espainiako iparraldetik» iritsitako «euskal arrazako» 150 etorkinek. Ingelesez egin zieten, alemanez, gaztelaniaz eta frantsesez. Etorkinek, ordea, tutik ere ez zieten ulertu. Denak Ellis uhartera eraman zituzten, iritsi berriek Lan Kontratuaren Legea hautsi zutelakoan.

Kazetak euskaldun haien deskribapena egiten zuen: gehienak 16 – 20 bitartekoak ziren; haiekin dozena bat emakume inguru, iritsi berrien emazteak. «Deigarria» zen kazetariarentzat 150 horien artean ume bakar bat ere ez egotea. «Gizonezko guztiek beren bonetarekin» lurreratu ziren. «Lan gogorra egiten ohitutakoak, hitz gutxikoak».

Euskarari eta euskaldunei buruzko informazioa ere ematen zuen, historia bezain zaharra den hizkuntza egiten duen herri txiki, gogor, adoretsua, kanpotarrek inoiz garaitu ez dutena, amore eman baino estu bizi nahiago duena…

Ellis uhartean «euskaraz ongi egiten zuen espainiar bat» agertu zen, azkenean. Hark funtzionario bati gaztelaniara itzuli zion euskaldunek esandakoa, eta funtzionarioak gaztelaniaz entzundakoa ingelesera itzuli zien agenteei.

The New York Times – ek ez zuen argitu zer jazo zitzaien 150 euskaldun haiei. Azken lerroan zioen ziurrenik denei AEBetan geratzen utziko zietela.

Inkesta bat eman dute argitara. Euskal Herriko zati batean, etorkinak ez dira arazotzat ikusten. Inkesta egileak pozik dira emaitzarekin, Europan baino abegikorragoak garelako kanpotik hona datozenekin. Arazoa eskubideen kontura dator, haietaz gozatzeko etorkinek legalak izan behar baitute arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren aburuz.

Duela mende bat Ellis uhartera bidali gintuzten haiengandik ez gaude oso urrun.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)