Indigenen Eskubideen Deklarazioa onartu du NBEk hogei urteren ondoren
Testua ez da loteslea, beraz, herrialde bakoitzak erabaki beharko du indarrean jarriko duen
Berria, , 14-09-2007Denbora luzean, 22 urtez, zain egon behar izan duten arren, azkenean ere lortu dute. Borroka eta eztabaida askoren ondoren, NBE Nazio Batuen Erakundeak onartu du Herri Indigenen Eskubideen Deklarazioa. Aldeko 143 botorekin eta kontrako laurekin onartu dute. Testua NBEko enbaxadoreen aurrean aurkezteaz arduratu den Peruko ordezkari Luis Enrique Chavezen goraipatu egin du erabakia, eta nabarmendu du giza eskubideen alorrean dagoen «hutsunea» betetzea dela deklarazioaren helburua.
Deklarazioa onartu izanak, ordea, ez du esan nahi agintariak indigenen eskubideak bermatzera derrigortuta daudenik, deklarazioa ez baita loteslea. Horiek hala, zenbaitek jada iragarri dute ez dutela testua indarrean jarriko. Horietako bat izan da Australia. «Australia autodeterminazioa hitza erabiltzearen aurka agertu da, deskolonizazio egoerekin lotuagoa dagoelako. Ezin dugu sostengatu herrialde demokratiko baten osotasuna arriskuan jartzen duen testu bat», adierazi du herrialde horrek NBEn duen enbaxadore Robert Hillek. Haren iritziz, indigenei eskubide horiek emateak, kolokan jartzen ditu beste herritarrenak.
Kanada izan da itunaren aurka agertu den beste herrialdeetako bat. Bertako enbaxadore John McNeeren esanetan, testua ez dator bat herrialde hartako lurren eta indar armatuen inguruko legeekin: «Oreka lortu behar da herri indigenen eskubideen, estatuaren eta hirugarren pertsonen eskubideen artean». Kanadako indigenen ordezkariak, ordea, gogor kritikatu du Gobernuaren jarrera. Milioika lagunen eskubideak baztertzea egotzi dio Phil Fontainek McNeeri. Testuaren aurka bozkatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Zeelanda Berriak ere.
NBEko idazkari nagusi Ban Ki – moonek, bestalde, txalotu egin du deklarazioa onartu izana, eta eskatu die nazioarteko agintariei hura indarrean jartzeko ahalegina egiteko.
MILIOIKA LAGUNEN ESKUBIDEEN BERMEA. NBEko 143 herrialdek testuaren alde bozkatu izanak, baina, ez du esan nahi guztiek berehala jarriko dutenik indarrean. Askok oztopoak jarri dizkiote milioika indigenen eskubideak bermatuko lituzkeen testuari. Hala ere, herri indigenetako ordezkariek urrats historikotzat jo dute erabakia. «Oso pozik gaude deklarazioa onartu dutelako. Horrek esan nahi du, aurrerantzean, gobernuek ez gaituztela bigarren mailako herritar gisa tratatuko, eta ez gaituztela gehiago gure lurretatik indarrez bidaliko», nabarmendu du boskimanoen ordezkari Jumanda Gakelebonek. Harekin bat etorri da Kenyako ordezkari Kiplangat Cheruiyot ere. «Indigenen bizimoduak hobera egingo du».
Mundu osoan 370 milioi indigena bizi dira, eta gehienek salatzen dute agintariek ez dituztela beren eskubideak errespetatzen. Testua bera loteslea ez den arren, garaipen handia da haientzat. Hala adierazi du indigenen aldeko Survival erakundeko zuzendari Stephen Corryk. Haren esanetan, denborarekin herrialde guztiek onartu beharko dute testua.
DeKLarazIoaren PunTu naGusIaK
Berdintasuna. Indigenak askeak dira eta besteek dituzten eskubide berak dituzte; ezin dituzte baztertu, are gutxiago indigenak izateagatik.
Autodeterminazioa. Autodeterminazio eskubidea dute. Horrek beren estatus politikoa erabakitzeko eta ekonomikoki, sozialki eta kulturalki garatzeko askatasuna ematen die.
Berezko ezaugarriak. Indigenek beren izaeraren ezaugarriei eutsi eta horiek garatzeko eskubidea dute, baita beren buruak indigena gisa aurkezteko eta hala ezagutuak izateko eskubidea ere.
Lurrak. Indigenak ez dituzte beren lurretatik indarrez kanporatuko. Ez dituzte tokiz aldatuko haien onespenik gabe; kalte – ordaina emango zaie, eta ahal dela, baita itzultzeko aukera ere. Historikoki beraienak izan diren eta kendu dizkieten lurrak berreskuratzeko eskubidea dute.
Segurtasuna. Gatazka armatuetan babestuak izateko eskubidea dute. Halakoetan, estatuek Genevako Ituna errespetatuko dute.
Kultura. Beren ohiturei eutsi eta haiek garatzeko eskubidea dute. Beren kulturarekin zerikusia duten objektu eta tokiak babesteko eskubidea dutela esan nahi du horrek.
Hizkuntza. Beren hizkuntza ondorengo belaunaldiei irakasteko eskubidea dute. Estatuek neurriak hartuko dituzte eskubide hori bermatzeko.
Estatuen eginbeharra. Gobernuek neurriak hartu behar dituzte Herri Indigenen Eskubideen Deklarazioan jasotzen diren neurriak indarrean jartzeko.
(Puede haber caducado)