Adingabeko atzerritarrez libratu

Berria, Peio M. Aierbe, 09-09-2007

SOS Arrazakeriako kidea

Bizkaiko Batzar Nagusietan Alderdi Popularraren proposamen bat eztabaidatuko dute aurki; proposamen horren muina da zentro bat zabaltzea Marokon, 14 urtetik beherako adingabeak hartzeko, eta Bizkaiko erakundeetara heltzen diren haurrak hara bidaltzeko gero.

SOS Arrazakeriakooi zeharo adierazgarria iruditzen zaigu proposamena, esan nahiko bailuke orain arte oro har errespetatu izan duten lerroaz harago joango liratekeela. Izan ere, Diputazioak ez luke hasi beharko inolako prozedurarik, orain, laguntzailerik ez duten adingabe atzerritarrak kanporatzeko – eufemismoz, «berrelkartze» prozesua ere deiturikoa – ; eta horixe jasotzen da egungo proposamenean.

Proposamen perbertsoa da, ordea, mozorroturik baitu benetako helburua: haur horietaz libratzea baino ez baitu nahi; antza denez, zama jasangaitza direlako. Helburu ezkutu hori makillatu egiten du, beraz, kontzeptuak manipulatuz, eta nabarmenduz «sentiberatzea, babestea eta harrera egitea» duela jomuga. Pernandoren egia litzateke esatea hemen lor daitekeela helburu hori hobekien, gure erakundeen erosahalmen handiari zor dizkiogun baliabideak bitarteko direla. Horixe nahi baitute, gainera, milaka oztopo gaindituz honaino iritsi diren adingabe horiek. Proposamenaren abiarazleek, baina, ez dute ikusten begien bistan dagoena.

Argudio gisa darabilte haurrak beren familia ingurunera itzularazi nahi dituztela, «hantxe baitaude, izan ere, ongien»; orduan, zergatik emigratzen dute? Erantzun diezagutela.

Alde horretatik, Madrilgo erkidegoaren aurrekaria aipatzen dute. Hortaz, bada, argi dago proposamenaren benetako helburua, erkidego hori behin eta birritan salatu izan baitugu laguntzailerik ez duten adingabe atzerritarrez arduratzen garen hainbat erakundek, hain zuzen ere, adingabeen eskubideak urratu dituelako, eta inolako bermerik gabe kanporatu ohi izan dituelako; kanporatze horien aurkako sententziak eman izan dituzte, orobat, hainbat epailek. Madrilgo erkidegoa, AENA programaren finantzabideari eskerrak, bi zentro eraikitzen ari da Tangerren eta Marrakexen – 3 milioi euro da haren kostua – ; helburu bakar batekin eraiki ere, adingabeen eskubideak urratzeagatik aurkako epairik balego, zurigarri izateko.

Diotenez, «proiektu horien bidez, sortzetik beretik eragozten dute adingabeek beren kasa ekitea proiektu migratzaileei, familiengandik banantzeraino»; eta, hala, «beren bizia arriskuan jartzea galarazten dute». Baina guztiz alderantzizkoa gertatzen da, egiaztaturik baitago «berrelkarturiko» haur horietako gehienak kalean abandonatzen dituztela, eta gero Penintsulara itzultzen direla, horretarako berriro ere beren bizia arriskatuz, eta berriro ekiten diote erakundeetatiko bidaldiari, kanporatzea dela – eta bat – batean etendako harixe.

Proiektu hori garapenerako lankidetza alorrean sartzea proposatu dute, dagoeneko hemen diren haurren garapenerako eskuragarrien, arrazoizkoen eta bideragarriena den ahalbidearen aurka joz, alegia haien hezkuntzaz eta garapenaz arduratu ordez.

Plan bat prosatu dute «familia marokoarrak sentiberatzeko eta haiei gure errealitate sozioekonomikoa ezagutarazteko, jakin dezaten 16 urtetik beherakoek ezin dutela lanik egin hemen». Ezbairik gabe, badakite zein den gure errealitate sozioekonomikoaren ezaugarri oinarrizkoa, alegia beren herrialdean ukatzen dieten etorkizuna lantzeko aukera dutela hemen. Eta, 16 urtetik beherakoek, lanik egin ezin badute ere, lanbide gaitasunak eskura ditzakete, gero lan merkatuan sartzeko baliagarri izan dakizkien: edo, beren herrialdera itzuli, eta han lanean has daitezen nahi dugu, 16 urterekin, ustiapen neurrigabearen mende eta ordainsari ziztrin batzuen truke?

Proposamen horrek, halere, ongarritutako lurra izan dezake Bizkaiko Diputazioko Adingabeen Zaintzakoa arduradunen sailean.

Joan den ekainaren 21ean, Harresiak Apurtuz elkarteak Bilbon antolaturiko mintegi batean, Iñigo Pombo Bizkaiko Foru Diputazioko Haurtzaroko zuzendariaren hitzaldia entzun genuen, eta han azaldu zuen zein den erakundearen politika, laguntzailerik ez duten adingabe atzerritarren inguruan. Mintzaldiaren esparrua kontuan harturik eta bertaraturiko gehienak adingabeekin lan egiten dutenak izanik, ondorioztatzekoa da bere departamentuaren jarduketa irizpideen berri ematea zuela helburu nagusi. Eta aipatzekoa da nahigabe sakona eragin ziela entzule asko eta askori. Inork uste bazuen gure lurraldera ez zela iritsiko Madrilgo erkidegoak darabilen politika – laguntzailerik ez duten adingabe atzerritarrekiko tratu txar instituzionalen eta haien kanporatze (barkatu, «berrelkartze») sistematikoaren adibide adierazgarria baita – , orain badaki denbora (oso gutxiko) kontua baino ez dela. Pombo jaunak iragarri zuen, beltzean zuri.

Erakunde foraleko arduradunak, baina, zapaltzen zuen lurrean tinko, beste hainbat argudio ere iragarri zituen. Salbuespen bakarra, entzule agurgarriei etengabe itaunak egin zizkiela. Hala nola: dihardugun bezala jardunik (eredugarri, haren iritziz), ez ote dugu adingabe horien ustiapena sustatuko? (Haurren familien aldetik, jakina, haiek bidaltzen baitituzte hona). Ez ote gara mafien lana areagotzen ariko? Ez ote gatzaizkie hemengo adingabeei ez bezalako tratua ematen ari, hemengoak beren familiekin berrelkar daitezen saiatzen baikara, atzerritarrekin egiten dugunaz bestera? Ezin da argiago dei egin, adingabe horiek kanporatzeko politikarekin bat egitera; izan ere, bestela, nonbait guri ez dagokigun arazo bat hartuko genuke geure gain, eta, halaber, mafiekin elkarlanean ariko ginateke, haien ustiapenean parte hartuko genuke…

Azalpena entzuten ari zirenen artean izan zen Pombo jaunak aurkezturiko margolan idilikoa auzitan jarri zuenik, eta tratu txar instituzionala aipatu zioten setati, eta orduan kotoiaren proba delakoa argudiatu zuen hizlariak: argudio hori adingabeek berek baztertzen omen dute, beren kabuz aukeratu baitute Bizkaia helmuga nagusi. Eta, kito. Argudio horri eskerrak zapuztuko da, aurrerantzean, legez kanpoko lanesku ustiapenaren aurkako edozein auzi; nola izango da egia, bada, immigranteek beren kabuz aukeratu badute aukeratu duten lana? Eta, argudio horri eskerrak gezurtatuko da, orobat, legez emigratu ahal izateko Europak jartzen dituen eragozpenak bitarteko hiltzen direla ehunka lagun Gibraltarko itsasartean edo Afrikako kostaldean; milaka badatoz, nola liteke ehunka hiltze ahaleginean? Eta, abar eta abar.

Garai latzak datozkigu (are latzagoak), eta hobe izango dugu gertu egotea. Ezinbestekoa da, besteak beste, gizarteko alderdi eragileek nolabait erantzutea, diskurtso alternatiboa eratzea, erakustea halako planteamenduen perbertsotasuna eta agerian uztea erabat kontraezean daudela aldezten bide dituzten eta itun dagoeneko sinatuetan jasota dauden printzipioekin… Erakustea, azken batean, ez gaudela gainera etorri zaigun izurri baten aurrean; aitzitik, aukera baten aurrean gaude, eta gure gizarte honi onuragarri gertatu behar zaio.

(Erredakzioan itzulia)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)